Mintxetako segurtasun neurriak "normaltasun berrira" egokitu dituzte

Barren.eus 2020ko eka. 25a, 10:08

Mintxetako instalazioen segurtasun eta higiene neurrien protokoloa egokitzea erabaki du Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak.

Besteak beste, igerilekuetako eta muskulazio zein kardio geletako edukierak handitu dituzte, eta futbol zelaiko eta igerilekuetako aldagelak erabiltzeko aukera dago astelehenetik. Honako hauek dira aldaketa nagusiak:

  • Igerilekuetako aforoa: handian 75 pertsonatik 100 pertsonara eta txikian 15 pertsonatik 30 pertsonara pasa da. 1,5 metroko segurtasun distantzia mantendu behar da. Patronatuko arduradunek esan dute neurri hauekin aforoa gutxitan gaindituko dela orain, eta fitxen sistema ez dela beharrezkoa izango uste dute.
  • Adin txikikoen sarrera: 14 urtetik gorakoek, bakarrik, heldu baten laguntzarik gabe, sar daitezke igerilekuetara. Limitazio hori kendu egingo da eta betidanik arautegian agertzen zen adina (10 urte) jarriko da. Beraz, beti egin izan den bezala, 10 urte izan beharko dute guraso edo heldu baten laguntzarik gabe sartu ahal izateko.
  • Muskulazio gelako eta kardio gelako aforoak 7 pertsonetatik 10 pertsonetara pasa dira. "Orain arte aforo horrek ez du arazorik sortu baina malguagoak izatea posible da".
  • Futbol zelaiko aldagelen erabilera: Muskulazio eta kardio gelako, atletismo, padel eta tenis pistetako eta ikastaroetako erabiltzaileek (izerditu egiten dutenez), futbol zelaiko aldagelak eta dutxak erabili ahal izango dituzte. Aforoa mugatua egongo da (7 pertsona aldagela bakoitzeko aldi berean) eta 4 aldagela erabili ahal izango dituzte (Neskak: 4. eta 6. aldagelak. Mutilak: 5. eta 7. aldagelak.). Garbiketa orduro egingo da.
  • Igerilekuko Aldagelen erabilera: Igerilekuko erabiltzaileek aldagelak erabili ditzakete, baina dutxak oraindik ezin dira erabili, jende pilaketak ekiditeko helburuarekin.

Normaltasun berrian gauden arren, hainbat murrizketa eta muga indarrean daudela gogora ekarri dute arduradudek. Beraz, gainerako arauak eta neurriak (maskararen erabilera, sarrera-irteera norabideak, aforoak, desinfekzio neurriak, segurtasun neurriak, etab.) berdin mantenduko dira.

2020 06 24 mintxeta igerilekua beteta elgoibar h1

2020 06 24 mintxeta elgoibar kardio aretoa