Sanloko senior emakumezkoen taldeak Zilarrezko Ohorezko Mailan jokatuko du

Barren.eus 2020ko eka. 22a, 12:38

Espainiako Eskubaloi Federazioak eginiko gonbidapena onartu eta hurrengo denboraldian Zilarrezko Ohorezko Mailan jokatuko du Sanloko emakumezkoen talde nagusiak. Alcorta F.G. gizonezkoen talde nagusiari ere mesede egin dio txapelketa bertan behera gelditu izanak.

Denboraldi aparta egiten ari zen Lauko, Sanloko senior emakumezkoen taldea, pandemiaren ondorioz txapelketa bertan behera laga zuten arte. Mailaz igotzea zuten helburu eta bide onetik zihoazen, bigarren postuan sailkatuta. Eginiko lan ona ez da ordea alferrik izan, Espainiako Eskubaloi Federazioaren deia jaso baitu Sanlok. 2020/21 denboraldian Zilarrezko Ohorezko Mailan jokatzeko aukera eman dio Federazioak Sanlori, eta onartu egin dute kirol taldeko arduradunek. Gogora ekarri behar da 2015-2016 denboraldian maila horretan jokatzeari uko egin ziola Sanlok, ekonomikoki bideragarria ez zelako, bereziki.
Hurrengo denboraldiko Zilarrezko Ohorezko Mailan 56 talde lehiatuko dira, 14 taldetako lau multzotan banatuta. Gertutasuna hartu dute kontuan taldeak osatzeko, taldeek bidaia luzeegirik egin behar ez izateko. Elgoibartarrek Errioxa, Kantabria edo Aragoiko taldeak izango dituzte aurkari.

2020 06 22 sanlo lauko soarte elgoibar
 • Alkortak mailari eutsiko dio
Txapelketaren etenak mesede egingo dio Sanloko gizonezkoen talde nagusiari, Alcorta Forging Groupi. Espainiako Eskubaloi Federazioak erabaki zuen ez zela jaitsierarik egongo. Txapelketa bertan behera gelditu zen unean azken postuan sailkatuta zegoen Alkorta Lehen Nazional Mailan, eta aukera gutxi zituen mailari eusteko. Hortaz, huirrengo urtean ere maila berean lehiatuko dira. Gojko Vucinic gidatuko du taldea hurrengo enboraldian ere.

2020 06 22 Alcorta Forging Group

∞Lotura duten albisteak: