Ordainketak itzultzeko irizpideak jakinarazi ditu Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak

Barren.eus 2020ko eka. 16a, 16:45

Elgoibarko Udal Patronatuak kirol-instalazio guztiak berriro ere "normaltasunez" irekitzen dituenean itzuliko die dirua bazkideei eta ikastaroetako ikasleei. Azaldu dutenez, orduan kalkulatu ahal izango dute itxita egon diren denbora eta horrek sortu duen kaltea, eta hala kalkulatu ahal izango dute itzuli beharreko bazkidetzaren zenbatekoa.

Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak kirol instalazio guztiak ixtea eta ematen zituen zerbitzu guztiak bertan behera uztea erabaki zuen, Covid-19ak sortu zuen Alarma Egoeraren ondorioz. "Egoera hau guztiok nahi izango genukeena baino gehiago luzatu da, baina, apurka-apurka, hasi gara gure instalazioetako batzuk berriro ere irekitzen. Eta, ziurtasun osoarekin, normaltasunera noiz igaroko ez garen ez badakigu ere, lanean ari gara, eta bidenabar, baldintza guztiak aztertzen ari gara instalazio guztiak berriz ireki eta zerbitzu guztiak eskaini ahal izateko, hala nola, ikastaroak, instalazioen alokairuak, e.a", azaldu dute Udal Kirol Patronatuko arduradunek.

 • Martxan diren ikastaroak
Ikastaroei dagokienez, martxoari dagokion zati proportzionala itzuli ondoren, apiriletik aurrera, ez dira ikastaroak kobratu, eta baja eman zaie ikastaroak egiten ari ziren pertsona guztiei. Hori dela eta, berriro ere, ikastaroetan parte hartu nahi dutenek berriro alta hartu beharko dute. Martxan dauden ikastaroei buuruzko informazioa 943 747 356 telefono zenbakira deituta eskuratu daiteke.
 • Itzuli beharreko diruaren kalkulua
Bazkideei dagokienez, instalazio guztiak berriro ere normaltasunez irekitzen direnean, itxita egon diren denbora eta horrek sortu duen kaltea kalkulatu ahal izango dituztela argitu dute, eta horrela kalkulatu ahal izango dute itzuli beharreko bazkidetzaren ehunekoa zenbatekoa den. "Pentsatu dugu, modurik hoberena izango dela deskontu hori 2021eko bazkidetzen kuotei ezartzea. Hala ere, bazkidetzak berritu nahi ez dutenei 2020ko bazkidetzari dagokion parte proportzionala itzuliko diegu". Interesatuek aditzera eman beharko dute abenduaren 15a baino lehenago, olaizagaharrera@hotmail.es helbidera idatzita.

 • Mintxetako instalazioak zabalik
Mintxetako instalazioak eta aire libreko igerilekuak zabalik daudela gogora ekarri dute Udal Kirol Patronatutik, eta, itxaropena dute, "normaltasuna berreskuratzen baldin badugu", irailaren hasieran Olaizaga Kiroldegia irekitzeko moduan izango direla.
 • Mintxetako padel eta tenis pistak alokatzeko aldaketak
Mintxetan dauden bi padel pisten eta tenis pistaren alokairuak, astelehenetik igandera, goizeko 9:15etatik 15:15ak arte, ordu bateko alokerak izatetik ordu bat eta erdiko alokerak izatera pasako dira, prezio berdinean, hau da, hemendik aurrera goizez ordu erdi gehiago erabili ahal izango dira padel edo tenis pistak orain arte ordaintzen zen prezio berdinean.
15:15etatik 21:15etara, pisten alokerak ordu batekoak izaten jarraituko dute. Pistak alokatzeko 943 747 356 telefonora deitu behar da, 9:00etatik 21:15etara, gehienez 24 ordu lehenago.

2020 06 15 padel pista elgoibar mintxeta