Martxoaren 14an jokatu behar zituzten Elgoibarren Laboral Kutxa Emakume Master Cup binakako txapelketaren finalerdiak, baina bertan behera laga behar izan zuten koronabirus pandemiagatik, eta hala Euskal Herriko emakume pilotari onenak lehian, bertatik bertara, ikusteko aukera zapuztu zen. Ekainaren 21ean, domeka, 12:00etan jokatuko dituzte Elgoibarko finalerdiak, Iker Amarika antolatzaileak jakitera eman duenez. Oraingoan, baina, zaleturik gabe jokatuko dituzte partidak Ikastolako frontoian. "Hori da gure asmoa, gaur gaurkoz. Ikusleak egon ahal izatea, eta zenbat, ez da guri dagokigun erabakia, frontoiaren jabe eta arduradunen esku ere badago", esan du Amarikak. ETBk zuzenean emango ditu partidak.
- Honako hauek izango dira bi finalerdietako norgehiagokak: Iera Agirre-Maite Ruiz de Larramendi eta Irantzu Etxebeste-Ane Urkizu; eta Ainhoa Ruiz de Infante-Amaia Jaka eta Nagore eta Leire Galeano.
- Finalerdietako irabazleek finala jokatuko dute astebete geroago, Irungo Uranzu frontoian, 17:00etan. Egun horretan jokatuko da ere pilota mistoko finala.
• Leire Etxanizek uko egin dio jokatzeari
Finalerdietako bat jokatzeko sailkatuta zegoen arren, parte hartzeari uko egin dio Leire Etxanizek. Osasun larrialdia eta horrek ekarri dituen entrenamendu falta kontuan hartuta, “arinegi” dela dio Etxanizek lehiara itzultzeko. Etxaniz "familian hurretik bizitzen" ari da COVID-19aren eragina. “Oraindik berrogeialdian ditut etxeko batzuk”, adierazi du.
Emakume Pilotarien Elkarteak (EPE), pilotaria defendatu du ohar batean. Etxaniz, batez ere Master Cup-ari dagokionean, txapeldun handia dela azpimarratu dute. ” Jokatutako txapelketa gehienak berak irabazi ditu: binakako hiru txapelak eta banakako bi txapel (jokatutako hiruetatik). Ezbairik gabe, txapelaren neurrira eginda dago Etxaniz”. Hala ere, pandemiak ekarri duen egoerarekin eta bere buruarekin koherente jokatu duela esan dute: ” Ez du laugarren txapela lortzeko aukerak itsutu. Bere lehentasunak beste batzuk dira, eta koherentziaz jokatzea lehenetsi du”.
Emakume Pilotarien Elkarteak adierazi du ez dagoela ados Master Cup txapelketak hartutako erabakiekin: “pilotarien behar eta nahiei begiratu beharrean bere probetxu eta interes propioak lehenesten ari delako”. EPE-ren oharra osorik http://www.epe.eus/
∞Lotura duten albisteak:
- Eskuz binakako Emakume Master Cup txapelketako bi finalerdiak Elgoibarren jokatuko dituzte (2020-03-09)
- Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, hogei bat ekintzaz osatutako egitaraua prestatu du Udalak (2020-02-26)
- Leire Etxaniz: “Ez dut galduko emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko esperantzarik” (2019-04-11)