Mintxetako muskulazio eta kardio gelak prest ateak zabaltzeko

Barren.eus 2020ko eka. 3a, 17:18

Mintxeta kirol gunean dauden muskulazio eta kardio gelak egoera berrira egokitu ostean, datorren astelehenetik aurrera erabili ahal izango dira.

Kirol azpiegitura horien aforoa eta beste hainbat gauza egokitu ditu Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak. Hala, muskulazio gelan zazpi pertsona eta kardio gelan beste zazpi egon ahal izango dira une berean ariketa fisikoa egiten. Gainera, denbora muga izango dute: ordu bat eta 15 minutu. Amaitzerakoan, erabili duten makina edo materiala garbitu eta desinfektatu beharko ditu erabiltzaile bakoitzak, horretarako eskura jarriko dizkieten produktuekin. Era berean, txanda aldaketa bakoitzean, 15 minutuan erabilitako aparatuak garbituko ditu instalazioko pertsonalak. Erabiltzaile zein beharginek bi metroko segurtasun tartea mantendu beharko dute uneoro.

 • Kirola egiten maskararik gabe

Mintxetako kirol eremura sartzerako orduan, maskara jantzita eramatea derrigorrezkoa izango da baina muskulazio eta kardio gelan maskararik gabe ibili ahal izango da kirola egiten.
Aurretiko hitzordua hartu behar da, gehienez ere 24 ordu lehenago, 943 747 356 telefono zenbakira deituta. Instalazioan sartzean bertan izango den hidrogelaz eskuak garbitu beharko ditu erabiltzaileak. Kardio gelak korrika egiteko hiru zinta, bi arraun, lau bizikleta, bi eliptika eta kayak bat izango ditu.

 • Makina berriak muskulazio gelan
Muskulazio gelak ohiko aparatuak izango ditu baina Udal Kirol Patronatuak beste bi makina berri erosi ditu: gurutzatutako poleak dituena bata, eta arraunean egitekoa bestea.
Muskulazio eta kardio gelako erabiltzaileek ezingo dute aldagelarik erabili. Aldiz, harmaila azpiko komuna erabiltzeko moduan egongo da.

Aurrerantzean ordutegi berria izango dute muskulazio zein kardio gelek:

  • Astelehenetik ostiralera 9:00etatik 21:30etara
  • Larunbatetan 9:00etatik 13:30etara eta 16:00etatik 19:00etara (ekainaren 15etik aurrera ez da itxiko eguerdian)
  • Igandeetan 9:00etatik 13:30etara.

2020 06 03 muskulazio kardio gela mintxeta

2020 06 03 muskulazio gela mintxeta elgoibar