Montanan hirugarren egin, eta Munduko Kopako lidergoa eskuratu du Maite Maiorak

Barren.eus 2015ko ira. 7a, 17:15

Maite Maiorak Ameriketako mendi bideetan ere Europakoetan bezain bizkor antxitxika egiten duela erakutsi du. Montanan (AEB) jokatu den The Rut Mountain Run 25 kilometroko mendi lasterketan hartu zuen parte zapatuan (irailak 5), eta hirugarren egin zuen. Distantzia ertaineko mendi lasterketen Munduko Kopako (Skyrunner World Series) lidergoa eskuratu du antxitxikari mendaroarrak, 308 punturekin.

Remi Bonnet suitzarrak eta Megan Kimmel estatubatuarrak irabazi zuten The Rut Mountain Run mendi lasterketa, Montanan. Kimmelek erakustaldia eman zuen emakumezkoen lasterketan eta hiru ordu, 35 minutu eta lau segundoan osatu zuen 25 kilometroko ibilbidea. Laura Orgue kataluniarra sailkatu zen bigarren postuan (3:40:49), eta atzetik aurrera eginez Maite Maiora saillatu zen hirugarren (3:41:06), Orguerengandik 17 segundo eskasera (ikusi emakumezkoen sailkapena).

2015 09 05 maitemaiora podium therut montana

Emaitza honi eta aurrez lortutako puntuei esker, Elisa Desco italiarra aurreratu eta Munduko Kopako sailkapen nagusiko lehen postuan dago Maite Maiora, 308 punturekin. Desco bigarren postuan dago orain, 278 punturekin eta Laura Orgue dago hirugarren postuan (276). Stevie Kremer (AEB) eta Emilie Forsberg suediarra daude laugarren eta bosgarren postuetan sailkatuta, 254 eta 212 punturekin, hurrenez hurren. 

• Hiru kontinentetan lortutako puntuak

Hiru kontinente desberdinetan (Europa, Afrika eta Amerika) jokatu dituen lau mendi lasterketetan batutako puntuei esker dago sailkapeneko lidergoanMaiora. Italian jokatutako Dolomites Skyrace proban lortutako zazpigarren postuari esker 64 puntu lortu zituen; Maurizio irlan, Afrikan, jokatu zen Ti Do Do Trail probako bigarren postuak 88 puntu eman zizkion; Suitzan abuztu amaieran jokatu zen Matterhorn Ultraks proban hirugarren eginda 78 puntu pilatu zituen eta beste 78 puntu eskuratu ditu orain Montanan, Ameriketako Estatu Batuetan, jokatu den The Rut 25k proban. Sailkapen nagusirako mundu mailako hiru lasterketetako emaitzak eta Kontinente mailako lasterketa batekoak hartzen dira kontutan (ikusi guztiak).