Julen Azpiazuk Mont-Blanceko ultra traila osatzea lortu zuen

Barren.eus 2015ko ira. 3a, 11:31

Munduko mendi lasterketa luzeetan ospetsuena da Mont Blanceko Ultra Traila, 170 kilometroko ibilbidea eta 9.600 metroko desnibel positiboa dituen proba. Joan den abuztuaren 27tik 28ra bitartean jokatu zen aurtengoa, eta 1.632 lagunek lortu zuten proba osatzea, tartean Julen Azpiazu elgoibartarrak.

Mont Blanc mendia (4.810 metro) inguratzen du Mont Blanceko Ultra Trailaren (UTMB) ibilbideak. Hiru herrialde (Frantzia, Italia eta Suitza), Alpeetako hiru bailara (Savoia, Aosta eta Valais) eta hamabost herri zeharkatzen dituzte parte hartzaileek 170 kilometroko ibilbidean. Eta, 46 ordu baino gutxiagoan osatu behar dute. Julen Azpiazu elgoibartarrak 38 ordu, 33 minutu eta 26 segundoko denboran amaitu zuen proba, 525. postuan.  

• Ametsa egi bihurtuta

Mendi korrikalari gehienen ametsa da Mont-Blanceko Ultra Traila osatzea eta Azpiazuk ere aspalditik zuen begiz jota proba hau. “Aurten azken urteetan egon nahi nuen leku eta momentuan tokatu zitzaidan egotea, Mont Blanceko Ultra Traila barrutik bizitzea, hain zuzen ere”. Azpiazuren esanetan, helmugara iristea eta lasterketaz gozatzea ziren bere helburu nagusiak. “Hasieratik lasai-lasai atera nintzen, nire lekuaren bila eta paraje ederrez gozatzera. Kilometroak pasa ahala pentsamendu bera etortzen zitzaidan behin eta berriz burura: zorionekoa naiz hemen egoteagatik”. Lasterketa amaitzea lortzeaz gainera, bizipenen zakua ondo beteta itzuli dela etxera dio Azpiazuk. “Ehunmila bizipen eta irudi geratu zaizkit barruan, betirako gordeta: poza, emozioa, helmuga zeharkatu osteko aitaren besarkada… Chamonixen “sentitu” dituen animoak eta berotasuna eskertu nahi izan ditu Azpiazuk. 

Julen Azpiazuk eginiko lasterketako zenbait unetako eta ailegaerako bideoak hemen: http://utmb.livetrail.net

• Ainhoa Lendinezek 53 kilometroko lasterketa osatu zuen

Julen Azpiazu ez zen izan Mont-Blanc inguruetan antxitxika aritu zen elgoibartar bakarra. UTMBz gain, beste zenbait lasterketa ere egiten dira Chamonix inguruan, besteak beste, CCC Courmayeur-Champex-Chamonix (100 km, 5.950 metroko desnibel positiboa), TDS Traces des Ducs de Savoie (119 km, 7.250 metroko desnibel positiboa), PTL Petite Trotte à Léon (300 km, 24.000 metroko desnibel positiboa, taldeka) edo OCC (53 km ,3300 metroko desnibel positiboa. Azken lasterketa horretan hartu zuen parte Lendinezek eta 11. postuan salkatu zen (ikus sailkapena).

2015 08 28 Chamonix occ ainhoalendinez