Asier Arregi: "Gertuko norbaitekin birtualki bada ere kirola egiteko aukera izateak asko lagundu diela esan didate askok"

Barren.eus 2020ko mai. 2a, 10:50

Kirola egiteko ohiturak mantendu dituzte askok konfinamenduan, egoera berrira moldatuta. Asier Arregiren lana izan da urte askoan kirol-saioak gidatzea, eta bere ogibidea zena berreskuratzeko aukera izan du azken asteotan. Facebook-ekin arazoren bat edo beste izan arren, kirol saio birtualak eman dizkie lagunei eta ikasle ohiei, eta egunak pasa ahala, lagun gehiago batu dira saioetara.

-Nola daramazu konfinamendua?

Egia esan nahiko ondo daramat, hasieratik saiatu naiz denbora ahalik eta gehien aprobetxatzen etxean. Egia da aldaketa oso handia izan dela guztiontzat, baina egoera berrira ondo moldatu naiz: aktibo mantendu naiz eta horrek asko lagundu dit. Bestalde, normalean denbora faltagatik egin ezin izaten diren gauzak egiteko ere aprobetxatu dut.

-Etxean kirola egiteko saioak gidatzen dituzu sare sozialen bidez.
Bai, hala da. Facebook sare soziala erabiltzen dut egunero zuzeneko saioak emateko. Indarra lantzeko eta areto bizikletako saioak uztartzen ditut, egun batean, bata, eta bestean, bestea, egiten dugun lana ahalik eta osoena izan dadin. Saioak arratsaldeetan izaten dira, 18:00etan, arratsaldez lan egin behar dudanean izan ezik. Egun horietan 11:00etan ematen ditut. Hala ere, Oñatiko jarraitzaile bati esker, drive bitartez partekatzen ditugu saioak, eta horrela zuzenekoetan egon ezin denari aukera ematen diogu saio hauek edozein unetan ikusi eta egiteko.

-Noiz eta nolatan hasi zinen?
Etxean ez dut inoiz kirolik egin, beti kiroldegian edo kalean egin izan dut kirola. Martxoaren 15ean egin nuen etxeko lehen kirol-saioa, arrabola gainean ordubeteko saioa egin nuen. Oso aspergarria izateaz gainera, pentsatzeko denbora asko ematen du. Kirol saioak gidatzea izan da nire ogibidea hamabi urtez, orain horretan aritzen ez naizen arren. Beraz, ideia hori bururatu zitzaidan: etxean kirola egitera behartuta egon geranez, etxean zeuden lagunei nire lana eskaintzea zen nire helburua, eta horrela, aktiboago egon zitezen lagundu. Hasieran kuadrilakoei, lankideei eta ikasle ohiei eskaini nien aukera hau. Izan ere jende talde txiki batengana iristea zen nire helburua, baina egia esan haziz eta handituz joan den zerbait izan da.

2020 05 01 asier arregi kirola etxean konfinamendua

-Nola prestatzen dituzu saioak, edozeinek egiteko modukuak dira?
Esan dudan moduan, nire ogibidea izan da urte askoan, beraz ohituta nago lan horiek egitera; ariketak prestatu, musika aukeratu, e.a. Bestalde, lagun eta lankide ohien laguntza ere izan dut, ideia berriak helarazi dizkidate-eta. Ez dakit egiten ditugun ariketak edozeinek egiteko modukuak diren (barrez), nire ustez bai, kontua da norbere buruarekin autoexijenteegiak garela askotan eta ez dakigu bakoitzaren maila ondo neurtzen. Edonola ere, berez, saioak norberak daukan mailara moldatzeko daude diseinatuta. Hori bai, arrabola edo espinning egiteko bizikleta bat behar da. Indarra lantzeko ariketetetarako aldiz, etxean aurki dezakegun tresna edo materialarekin egiteko moduko ariketak prestatzen saiatu naiz: aulkiak, barruan pisua (esne ontziak) duten erosketak egiteko poltsak, sukaldeko trapuak, e.a. Esan behar dut neskalagunak emandako laguntza ezinbestekoa izan dela. Bera ere kirolaria da, eta laguntza handia eman dit saioak prestatzeko.

-Gertu sentitzen al dituzu pantailaren beste aldean dauden lagunak?
Nahiko gertu sentitu ditut, bai, izan ere saioak egin ostean lagun askoren mezuak jaso ditut, argazkiak... hartu-eman horrek asko ase nau egia esan, eta askok esan didate gertuko norbaitekin, lagun batekin, kirola egiteko aukera izateak asko lagundu die beraiei ere. Niri ere mesede handia egin dit. Izugarri gustatzen zait saio gidatuak ematea, eta berriro ere horretarako aukera izateak, egoera berezi honetan izan bada ere, asko bete nau.

-Facebook-ekin arazoren bat izan duzula jakin dugu. Kontaiguzu.
Halaxe da. Dagoeneko hiru perfil desberdin sortu behar izan ditut. Facebook-ek audioa moztu egiten zidan, eskubide baimenengatik. Beraien esanetan, musika ezin da erabili musika bera partekatzeko edo dirua irabazteko. Nire kasuan, ez dut ez bata ez bestea egiten, beraz, errekurtsoa jarri nien, ...baina erantzunaren zain nago. Edonola ere, bereari eusten diote eurek, eta audioa kentzen didate.

-Maiatzaren 2tik aurrera kirola egitera irten ahal izango da kalera, bakarka bada ere, eta segurtasun neurriak hartuta. Zer gomendio emango zenioke jendeari?
Burua erabiltzeko. Konfinamenduaren aurretik egiten ez genuenik ez egiteko orain. Horrez gain, denbora asko egon gara gorputzeko giharretan inpaktuek sortzen duten jarduerak egin gabe, beraz egokitzapen tarte bat beharko dugu. Bukatzeko aipatzea gustatuko litzaidake garrantzitsuena osasun neurriak mantentzea dela, ezartzen dizkiguten arauak errespetatzea, eta batez ere, jende pilaketak ekiditea; orain arte bizitako egoera oso gogorra izan da, eta zentzuz jokatu behar dugu atzerapausorik ez egoteko.