Euskal selekzioko mendi lasterkariek etxeko entrenamenduen berri eman dute, tartean Mayi Mujikak eta Ander Barrenetxeak

Barren.eus 2020ko api. 28a, 10:48

Mendi lasterketetako euskal selekzioko kideak elkarrizketatzen dihardute Euskal Mendizale Federaziokoek. Mayi Mujika eta Ander Barrenetxea elgoibartarrek ere eman dute euren konfinamenduaren berri, eta dituzten asmoak eta itxaropenak ere azaldu dituzte.

 • Mayi Mujika Errasti

1. Nola daramazu konfinamendua?
Nahiko ondo, espero baino hobeto! Denbora, ahalik eta gehien aprobetxatzen saiatzen naiz: irakurri, kirola egin, etxeari errepasoa eman... Badira gauzak faltan botatzen ditudanak, batipat, etxekoekin eta lagunekin egotea, mendia, furgonetarekin bidaiatzea... Baina ondo moldatu naiz egoera berrira.

2. Sasoia mantentzeko zein entrenamendu mota egiten ari zara?
Etxean ia denetarik daukat, indarreko lana egiteko materiala eta arrabola besteak beste. Bikoteak, Facebook bidez zuzenean ematen dituen saioak jarraitzen ditut egunero, eta horrez gain, bizikletari, tarteren bat gehiago eskeintzen diot. Yoga probatzeko astia ere izan dut. Belauneko lesio batetik errekuperatzen ari naiz, beraz, fisioak bidalitako ariketak ere fin-fin egiten ditut egunero. Zinta falta zait, beraz korrikarik ezin dut egin!

3. Aurten, zein egutegi egiteko asmoa zeneukan?
Munduko Kopa egiteko asmoa neukan. Begiz jota nuen Madeira-ko (Portugal) lasterketa, ezagutzen ez dudan toki batean jokatzekoa zelako, eta nire ezaugarrietara ondo egokitu zitekeelako, luzea eta gogorrra den lasterketa baita. Berez, egutegia itxi gabe neukan arren, Livigno (Italia), Comapedrosa (Andorra), Tromso (Norvegia), eta #Gorbeia bezelako lasterketan parte hartzea zen nire asmoa.

4. Ekainetik edo uztailetik aurrera zerbait jokatuko denaren esperantzik baduzu?
Mundu mailan zaila ikusten dut lasterketak antolatzea, izan ere, nazioarteko bidaien kontua ez dakigulako nola egongo den etorkizun hurbilean. Nik uste, udazkenera begira, EuskalHerria-n ospatuko direla lasterketak, eta bertan parte hartzea gustatuko litzaidake. Karakate-ko (Gipuzkoa) igoera, munduko txapelketa, horietako bat izanik (barrezka).

5. Zein ziren 2020rako zure helburuak?
Iaz hasitako bideari jarraipena ematea zen helburua, eta esperientzia hartzen jarraitu, oraindik asko daukadalako ikasteko. Baina batez ere, egiten dugun honetaz gozatzen jarraitzea zen neure helburua, toki berriak ezagutu, talde giroaz gozatu...

2020 04 28 ander barrenetxea euskal selekzioa EMF

 • Ander Barrenetxea Leyaristi

1. Nola daramazu konfinamendua?
Egia esan, nahiko ondo daramat egoera berri, zein ezberdin hau. Garbi dago ez dela nahi edo-eta aukeratu dugun egoera, baina hau da etorri zaiguna, beraz, ahalik eta ondoen kudeatzea tokatzen zaigu.

2. Sasoia mantentzeko zein entrenamendu mota egiten ari zara?
Momentu hauetan sasoia ahalik eta ondoen mantentzeko, gehienbat, arrabola erabiltzen dut. Indar eta kore ariketa dezente ere egiten ari naiz, horretarako TRX-a eta Bosu moduko tresnak erabiltzen ditut, batipat urtean zehar gutxiago egiten ditudan, edo-eta pixka bat nahigabe alde batera uzten ditudan ariketa horietan nago murgilduta.

3. Aurten, zein egutegi egiteko asmoa zeneukan?
Hasiera bateko nire asmoa, Espainiako Kopa, Espainiako lineako eta Ultra txapelketak, eta nola ez, Zegama Aizkorri egitea ziren, tartean beste bi edo hiru lasterketa sartuaz prestakuntza moduan.

4. Ekainetik edo uztailetik aurrera zerbait jokatuko denaren esperantzik baduzu?
Berrogeialdiarekin hasi ginenean, Zegama egiteko aukera ere ikusten nuen, baina egunak pasatzen joan diren einean, abuztua baino lehen lasterketaren bat egitea oso zaila ikusten dut. Nire kasuan behintzat, orain, lasterketetan ez pentsatzen ahalegintzen naiz, oso egoera berezia zein berria bizi baitugu. Momentu hauetan, nire helburua, ditudan baliabideekin ariketa egin, eta ahalik eta sasoirik onenean mantentzea da. Normaltasunera gerturatzen goazen einean, edukiko det lasterketetan pentsatzeko denbora.

5. Zein ziren 2020rako zure helburuak?
Esperantzarik handienak, Espainiako Ultra Txapelketa-n eta Zegama Aizkorrin nituen jarriak. Helburuak berriz, ultra txapelketan iazko 8. postua hobetzea, eta Zegaman nire 4 ordu eta 20 minutuko denbora jaistea ziren.

*Argazkiak eta elkarrizketak: Euskal Mendizale Federazioa.