Patagonian izotz koba batean pasa zituen 24 egunak gogora ekarri dizkio konfinamenduak Iosu Merino eskalatzaileari

Barren.eus 2020ko api. 24a, 18:18

Iosu Merino eskaltzaile elgoibartarrak Cerro Torre mendiaren mendebaldeko aurpegia eskalatu zuen 1997an, Ferrari biatik, Simon Elias errioxarra lagun zuela. "Miseria" asko bizitzea tokatu zitzaien biei, besteak beste, zutik ere jarri ezin zitekeen izotz zulo batean 24 egun pasa baitzituzten ezin irtenda, eguraldia noiz hobetu zain. Egun bizi dugun konfinamendu egoerak esperientzia hura ekarri dio gogora.

Iosu Merinok El Pais egunkariko Oscar Gogorza kazetariari kontatu dizkio Patagonian bizitakoak, eguneroko batean idatzita baititu abentura hura eta gero etorri ziren asko. Antena 3 telebista kateko albistegian ere eman dute eskalatzaile elgoibartararrak bizitako abenturaren berri, Sebastian Alvarorenarekin batera. BARREN aldizkariak ere egin zion elkarrizketa Merinori Patagoniatik bueltan, 1997an (BARRENen 189. zenbakian irakur daiteke).

Patagoniako orratz dotore eta zailenetakoa da Cerro Torre eta Ferrari bidetik igotzea lortu zuten hirugarrenak izan ziren Merino eta Elias. Tontorrera igo aurretik, baina, beraiek eskuekin eginiko izotzezko haitzulo batean 24 egun pasa zituzten bi eskalatzaileek. Bi metro luze eta metro bateko altuera zuen izotz zulo batean. Euren etxea izan zen hura edozein etxetako komuna baino txikiagoa zela dio Merinok. Kanpoan egiten zuen eguraldi makurretik babesteko egon ziren "konfinatuta" bi eskalatzaileak. "Bahitua sentitzen zara baina, azken finean, zuk hala nahi izan duzulako zaude hor neurri batean. Nahiz eta behin baino gehiagotan burutik pasatu zer demonio egiten duzun egoera horretan. Dena dela, hobe geunden kobazuloan kanpoan baino", zioen Merinok BARRENen. Denbora guztia zaku barruan sartuta eman zuten, tente ere ipini ezinda, hotzez, eta zeukaten janari apurra noiz bukatuko zitzaien beldurrez. Gaur egun koronabirusagatik bizi dugun konfinamendu egoerarekin alderatuta, hau bapatekoagoa izan dela uste du Merinok, egun batetik besterakoa. Alde handiena, baina, Patagoniako "konfinamendu" hura eurak aukeratutako izan zela da. Ez zitzaien burutik pasa ere egin handik jaistea eta tontorrera ez igotzea. Hori zen euren motibazioa.
Esperientzia hark nahi izanez gero ahal dela erakutsi zion. "Buruak duen botereaz jabetu naiz. Gainera, sekula egin dudan lanik handiena egin dut han izan naizen hilabeteetan, ezer egin gabe eta bakardadeaz disfrutatzen ikasi. Horrez gain, hemen daukagun guztia baloratzen ikasi dut. Goseak, hotzak eta bakardadeak asko irakasten dute", esanez amaitu zuen BARRENek 1997an egin zion elkarrizketa.

2020 04 24 iosu merino cerro torre 1997 irakurtzen

2020 04 24 iosu merino cerro torre 1997 hirugarrena marc sarradel