Olaizagako igerilekuetan mantentze lanak egin ditu Udalak itxita daudela aprobetxatuz

Barren.eus 2020ko mar. 27a, 12:56

Udal Kirol Patronatua hainbat garbiketa lan egiten ari da Olazaga kroldegiko igerilekuetan, Koronabirusagatik ezarritako alarma egoera dela eta, kirol instalazioen behin-behineko itxiera aprobetxatuz.

 Elgoibarko Udal Kirol Patronatutik azaldu dute igerilekuen zaintza eta mantenu lan hauek abuztuan egiten dituztela normalean. Patronatuak Osasun Sailaren araudiak betez etenaldi tekniko bat egin behar du urtero, igerilekuak hustu eta dagozkion mantentze lanak egiteko. Horregatik, Udalak geldialdi hau aprobetxatu du lan horiek aurreratzeko, behin instalazioak berriro irekitzen direnean erabiltzaile guztiei kirol jarduera osasungarri, irisgarri eta segurua bermatzen duten kalitatezko instalazioak eskaintzen jarraitzeko. 

Egiten ari diren lanen artean, uraren zikinkeria filtratzen duten hare-iragazkiak ordezkatu dituztela nabarmendu dute, arazketa hobetuz eta uraren kalitate ona bermatuz. Halaber, balbulak ere berritu dituzte, igerilekuak hustu dituzte dagozkion garbiketa eta desinfekzio lanak egiteko, gainazaleko plakak lotu, gainezkabideak margotu, eta saretak eta kortxerak sakon garbitu dituzte, besteak beste. 

*Argazkiak: Elgoibarko Udala.

2020 03 27 Garbiketa lanak Olaizaga elgoibar 2

2020 03 27 Garbiketa lanak Olaizaga elgoibar txikia