Kirolariak etxean: honela eusten diote sasoiari

Barren.eus 2020ko mar. 26a, 18:10

Kirolariei ere bete betean eragin die Koronabirusa ez hedatzeko hartutako prebentzio neurriek, eta etxean dihardute entrenatzen halabeharrez. Sasoiari eusteko ahaleginean nola moldatzen ari diren jakin nahi izan dugu, eta euren entrenamendu saioetako bideoak bidaltzeko eskatu diegu Elgoibar eta Mendaroko hainbat kirolariri.

Kirola egiteko moldatu behar izan dituzte askok etxeak edo garajeak, batzuk lehendik ere prestatuta bazituzten ere. Igor Torres triatletak esaterako, korrika egiteko zinta bat erosi du. "Domekan eskatu eta asteazkenean etxean neukan. Zorte handia izan nuen. Bizikletan ibiltzeko rodilloa banuen lehenagotik ere, giharren indarra lantzeko materiala ere bai, baina korrika egiteko ez nuen ezer ere ez. Poliki poliki ohitzen noan arren, gogorra izan da kalean egiten nuena etxean egitera ohitzea. Hurrengo asteetan Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian parte hartzekoa nintzen, eta orain etxetik egingo dut", azaldu du. Torresen bigarren semea otsailean jaio zen, eta hori dela-eta aurten gutxiago lehiatzeko asmoa du, baina 2021ean Ironman proba batean lehiatzea nahi du, eta entrenamenduei eustea ezinbestekoa da halako erronka handirako. "Gaur egun niretzat kirola egitea nire bizitzaren parte importante bat da, eta konfinamendu hau hasi zenean ezin nintzela ezer egin gabe gelditu erabaki nuen", azaldu du. Igeriketa praktikatzeko aukerarik ez duen arren, Seber Uribe maisuak bidali dizkion bideo batzuk erabiltzen ditu etxean ariketak egiteko. Bst-eko Egoitz Mora ere ari zaio laguntzen, indarrarekin zerikiusia duten ariketekin. Eta bere entrenatzaile Ander Romaratek entrenamendu guztiak moldatzen dizkio, "egoera berri honetan gauzak ondo egiteko".

Txirrindulariak ohituago daude etxean entrenatzera. Arrabola erabiltzen dute eguraldi txarra dagoen egunetan edo lesioetatik errekuperatzeko. Arrabolaz gainera, etxeko entrenamenduak eramangarriago egiteko tresna modernoagoak ere badituzte eskura, Iban Gonzalez Gobike taldeko txirrindulariak goiko bideoan azaltzen duen moduan.

Talde kiroletan lehiatzen diren kirolariak ere ez daude eskuak gurutzatuta. Sanlo eskubaloi taldeko zein CD Elgoibar futbol taldekoek ere badituzte "etxeko lanak" egiteko. Bi kirol taldeotako hainbat jokalarik bidalitako bideoekin osatu dugu goiko bideoa eta Maite Maiorak eta Ainhoa Lendinezek ere bidali dituzte euren entrenamenduetako irudiak.

 • GAP saioa etxean egiteko
Bideoaren amaieran (6:25 minututik aurrera) Elena Rodriguez elgoibartarrak prestatu eta etxean grabatutako GAP saio bat ikusteko aukera duzue, nahi duenak etxean egiteko. Hori bai, babarrun poto batzuk beharko dituzue, edo antzerakoak, Elenak proposatutako ariketak egiteko. Potoen barrukoa jatea ere irabaziko duzue agian kirol saioa bukatutakoan. Taldekako jarduera da berez GAP izenekoa, eta musikaren erritmoa jarraituz luzaketa eta bizkortzeko ariketak egiten dira, batez ere ipurmasaila, abdominalak eta hanketako giharrak lantzeko ariketak.

2020 03 26 igor torres triatleta konfinamendua elgoibar

2020 03 26 maite maiora konfinamendua mendaro