Mendaroko Kilimon Trail mendi lasterketa atzeratu egingo dute, koronabirusagatik. Hala jakinarazi berri dute antolatzaileek. "Egoera benetan larria da, hala ohartarazi dute agintariek, eta arduraz jokatzea dagokigu guztioi, birusaren kontra egiteko eta osasun-sistema ez kolapsatzeko", jaso dute oharrean. Apirilaren 4an jokatzekoa zen lasterketa. Momentuz ez dute beste datarik zehaztu.
Oharra bidali diete antolatzaileek korrikalariei eta sare sozialen bidez ere zabaldu dute mezua. "Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak aldi batez kirol ekitaldi guztiak bertan behera lagatzeko agindu dute. Are, egoerak okerrera egin dezakeela ere ohartarazi dute, eta beraz, lasterketa atzeratu beste irtenbiderik ez dugu", dio oharrak. Hamargarren edizioa zen berez aurtengoa eta apirilaren 4an zuten jokatzekoa. Dagoeneko 260 lagunek emana zuten izena. Antolatzaileek jakinarazi dute izena emana zuten korrikalariekin zuzenean jarriko direla harremanetan dirua nola itzuliko dieten zehazteko.