Eneko Agirretxe errezildarra gailendu da Gipuzkoako Hiru Txirlo Txapelketako aurreneko jardunaldian, Aiastian

Barren.eus 2020ko mar. 11a, 10:38

Aiastiako bolatokian jokatu zuten, martxoaren 7an, Gipuzkoako 51. Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketako estreinako jaurtialdia, eta Eneko Agirretxe errezildarra gailendu zen sei txirlo botata.

Azkoitiko Floreaga taldeko bolariak nabarmendu ziren Aiastiako bolatokiak hartu zuen Gipuzkoako txapelketako lehen jardunaldian. Floreaga taldeko kidea den Eneko Agirretxek irabazi zuen tiraldia, sei txirlorekin, eta Gorka Etxaniz taldekideak eskuratu zuen bigarren postua, bost txirlo botata. Lastur taldeko kidea den Mateo Guenaga markina xemeindarrak lortu zuen hirugarren postua, honek ere bost txirlo botata. Guztira 70 bolarik hartu zuten parte Aiastiako tiraldian.

Bigarren jardunaldia jokatuko dute zapatuan, martxoaren 14an, Azpeitiko Garmendipe bolatokian, 17:00etatik aurrera.
Hainbat jardunaldi jokatuko dituzte txapelketan; hona hemen egitaraua:

  • Martxoak 14. Garmendipe, Azpeitia.
  • Martxoak 28. Asola Berri, Eibar.
  • Apirilak 4. San Pedro, Elgoibar.
  • Apirilak 18. Lastur, Itziar.
  • Apirilak 25. Leintz Gatzaga.
  • Maiatzak 9. Elgeta.
  • Maiatzak 16. Aretxabaleta.
  • Maiatzak 23. San Joxepe, Bergara.
  • Maiatzak 30. Floreaga, Azkoitia. Final eguna izango da.
  • Ekainak 6. San Andres, Soraluze.

∞ Lotura duten albisteak: