Iker Calvo igerilariak Espainiako Bakarkako Txapelketarako gutxieneko denbora egin du

Barren.eus 2020ko mar. 3a, 10:32

Erkidego arteko Espainiako igeriketa txapelketan lehiatu da Iker Calvo Euskal selekzioarekin, joan den asteburuan, Oviedon. Lau probatan lehiatu zen igerilari elgoibartarra eta guztietan lortu du Espainiako Bakarkako Igeriketa Txapelketarako gutxieneko denbora egitea.

Otsailaren 28tik martxoaen 1era bitartean jokatu dute Oviedon eskola adinekoentzako erkidego arteko VI. Espainiako Igeriketa Txapelketa. Alebin mailako Euskal Selekzioak emaitza onak lortu zituen eta sailkapen nagusiko seigarren postuan sailkatu ziren, 1.469 puntu lortuta. Kataluniako selekzioak eskuratu zuen aurreneko postua, 2.115 punturekin eta Andaluzia eta Balear Uharteetako selekzioek osatu zuten podiuma 2.012 eta 1.820 punturekin, hurrenez hurren. (ikus sailkapena -PDF-)

Iker Calvok lau probatan hartu zuen parte eta txapelketetan hazi egiten dela erakutsi zuen, lauretan ondu baitzuen bere marka pertsonala. Eta, horrez gainera, Espainiako Bakarkako Igeriketa Txapelketarako gutxieneko denborak egin zituen jokatu zituen lau probetan. Bartzelonan jokatuko dute Espainiako txapelketa, uztailaren 17tik 19ra bitartean.
Calvo 200 metro libretako lasterketan lehiatu zen txapelketako lehen jardunaldian, barikuan. 2:04.93ko denbora eginda, lau segundoan ondu zuen bere marka pertsonala. Bigarren jardunaldian bi probatan lehiatu zen. Goizean 400 metro estiloetako lasterketan lehiatu zen eta bost minutu justu behar izan zituen proba bukatzeko. 33 egundoan ondu zuen ordura arteko bere marka pertsonala. Arratsaldeko saioan 400 metro libretako proban hartu zuen parte, eta hor ere 13 segundoan ondu zuen bere marka, 4:28.38ko denbora eginda. Azken jardunaldian, domekan, ez zuen aurreko egunetako nekerik igarri eta berriro ere bere marka pertsonala ondu zuen 100 metro bizkar proban. Minutu bat, lau segundu eta 52 ehunekotan osatu zuen lasterketa.

2020 03 02 igerikela euskal selekzioa oviedo