Unai Zubeldiak irabazi du Valentin Romeraren Oroimenezkoa Mintxetako aldapan erakustaldia emanez

Barren.eus 2020ko mar. 1a, 16:57

Mintxetako aldapa pikoak bere legea ezarri du Valentin Romeraren Oroimenezko txirrindulari lasterketan. Iñaki Errazquinek metro batzuetako abantailarekin hasi du probako azken aldapa, baina Unai Zubeldiak azken metroetan hartu dio aurrea.

Limousin Oriako taldeko txirrindulari Unai Zubeldia gailendu da Valentin Romeraren Oroimenezko Elgoibarko Hiria Saria txirrindularitza lasterketaren 40. ekitaldian.

Junior mailako txirrindulariek 88 kilometroko ibilbidea osatu dute eta erabat sakabanatuta ailegatu dira azken metroetara. Duela bi urtetik hona Mintxetan hasi eta amaitzen dira Lagunak Txirrindulari Eskolak antolatutako lasterketak, eta bistan da ikuskizuna ematen duen amaiera dela, 600 metro eta batez beste % 6,5ko pendiza duen aldapa gogorra egiten baitzaie txirrindulariei. Gaurkoan ere halaxe izan da. Iñaki Errazquinek (Donosti Berri Elkartea) metro batzuetako aldea zuen aldaparen azken zatian, baina indar hustu egin da abantailari eusteko ahaleginean, eta azken errebueltan hartu dio aurrea Unai Zubeldiak, irabazleak. Errazquinen taldekide Alexander Fernandezek eskuratu du hirugarren postua.

Irabazleak 39,565 kilometro orduko batez besteko abiaduran osatu du proba. Guztira 65 txirrindularik lortu dute proba bukatzea, horien artean Elgoibarko Lagun Taldeako bi kidek, Beñat Fernandez Loiolak eta Jokin Amorrosta Arriolak. Mendiko saria Unai Zubeldiak irabazi du eta Ampo Ikolan Sports taldea izan da onena taldekako sailkapenean.

2020 03 01 txirrindularitza juniorrak mintxeta aldapan elgoibar barren

2020 03 01 txirrindularitza juniorrak mintxeta elgoibar saribanaketa barren

∞Lotura duten albisteak: