Markel Bergara: “Realean ikasi dut futbolaz dakidan guztia; han egin nintzen futbolari”

Barren.eus 2020ko ots. 28a, 08:00

Markel Bergarak (Elgoibar, 1986) futbola laga du, belauneko lesio batek behartuta. 12 urte zituela hasi zen Realean jokatzen, eta 33 urterekin hartu du erretiroa. Mintxetan batu gara berarekin, ume zela ezagutu zuen futbol zelaian eta luze berba egin dugu futbolaz, bere oroitzapenez eta etorkizunaz.

Markel Bergarak Realean egin ditu urte gehien, hamar denboraldi hain zuzen ere, baina ezagutu ditu baita ere Eibar eta Vecindario, eta azken lau urteetan Getafen jokatu du. Lesioek markatutako ibilbidea izan du, eta azkena ezin izan du gainditu. Isilik, zarata handiegirik atera gabe utzi du futbol profesionala, bere estiloan. Goiko bideoan ikus dezakezue Markel Bergarari eginiko ekarrizketa. Realean urteetan taldekide izan zituen Imanol Agirretxek, Xabi Prietok, Mikel Aranburk eta Mikel Labakak eginiko adierazpenak ere jaso ditugu bideoan. Duela hiru aste eginiko elkarrizketa da. Joan den zapatuan omenaldia egin zion Realak Markel Bergarari, talde txuri-urdinak Valentziaren aurka Reale Arenan jokatu zuen partida hasi aurretik.

2020 02 26 markel bergara elgoibar mintxeta elkarrizkta barren

 • Denboraldia amaitu aurretik utzi duzu futbola. Zein izan da horren arrazoia?
Azken bi urteetan lesio asko izan ditut, batez ere belaunean, eta azkenaldian, gainera, min handia daukat. Meniskoko azken ebakuntzatik ez naiz ondo errekuperatu eta saiatu naizen arren egoerari buelta ematen, konturatu naiz belaunak ez didala behar bezala erantzuten. Hori ikusita, eta sendagilearen gomendioei kasu eginez, denon artean hartu dugu futbola lagatzeko erabakia. Hasieran pena hartu nuen, baina dagoeneko onartu dut egoera, eta uste dut erabaki zuzena hartu dudala.

 • Imanol Agirretxe ere antzeko egoeran egon zen. Lagunak izanda, eman al dizu gomendiorik?
Lagun handiak gara, eta ikusi nuenean futbola laga behar izan zuela lesioen ondorioz, pena handia hartu nuen, eta begira, orain ni neu egoera berean nago. Baina bueno, hau ere futbolaren parte da, eta bai Imanolek eta baita nik ere lesioak futbol ibilbidearen amaiera aldera izan ditugu.

 • Nola egin diozu aurre lesioek sortzen duten karga psikologiko eta fisikoari?
18 urterekin hasi nintzen profesionaletan, eta lesio asko izan ditut ibilbide honetan. Gorputzak muga asko jarri dizkit eta beti ibili izan naiz horren kontra pau soak ematen. Futbolak duen alderik gogorrena lesioena da. Inpotentzia handia sentitzen da, ezin zarelako entrenatu, ezin duzulako gainerako futbolariek egiten duten bizimodua egin, ezin diezulako taldekideei lagundu partidetan... Egoera gogorra da, baina ondo egin diot aurre egoerari, eta nire buruaz harro nago.

 • Ezagutu dituzu Sanse, Eibar, Vecindario, Reala eta Getafe. Nola laburbilduko zenuke zure ibilbidea?
Elgoibarren hasi nintzen futbolean, eta alebinetan joan nintzen Realera. Sansen bi urtez egon nintzen ondoren, eta klubari iruditu zitzaion gazteegia nintzela oraindik lehenengo mailan jokatzeko, eta bi urte jokatu nituen Eibarren eta Vecindarion, utzita. Urte gogorrak izan ziren niretzat: oso gaztea nintzen eta ez genituen emaitza oso onak lortu, baina asko ikasi nuen. Bi urte haien ondoren Realera itzultzeko aukera izan nuen, eta esan behar dut futbolaz dakidan guztia Realean ikasi dudala; han egin nintzen futbolari. Urte asko egin nituen Realean, eta benetan gustura. Azken urteak Getafen eman ditut, eta esan behar dut maila pertsonalean, familiarrean eta profesionalean ere oso pozik egon naizela.

 • 2007an debutatu zenuen Realarekin Kopako partida batean. Nola gogoratzen duzu estreinako aldi hura?
Egia esan ez daukat egun hura oso gogoan. Kopako partida zen, bigarren mailan geunden, eta garai hartan Realeko giroa ere ez zen onena. Momentu zailak ziren. Polita izan zen Realean debutatzea, baina momentu politagoak izan ditut gerora.

 • Lehenengo mailako Ligan 2010ean debutatu zenuen. Esan daiteke orduan bete zenuela zure ametsa?
Baietz esango nuke. Realaren lekua beti egon da lehen mailan, eta mailaz igotze hura handia izan zen niretzat. Realeko guztiok askatasun moduko bat sentitu genuen itzulera harekin.

 • Hamar denboraldi egin zenituen Realean, eta ezagutu zenituen Liga, Kopa, Txapeldunen Liga eta Europa Liga. Zer eman dizu Realak?
Asko eman dit, bai maila pertsonalean eta baita kirol alorrean ere. Oso gazte iritsi nintzen taldera, eta egia esan, Realean gauzak oso ondo egiten dira gaztetxoekin. Balore garrantzitsuak erakutsi dizkit Realak, taldekideekiko elkartasuna ere bai, eta bizipen eta poztasun asko eman dizkit. Pribilejiatu bat izan naiz, eta amesten nituen gauzak benetan bizitzeko aukera eman dit Realak.

 • Baloreak aipatu dituzula, sarritan zalantzan jarri izan dira kirolak transmititzen dituen baloreak. Zuri zein balore transmititu dizkizu futbolak?
Gure gremioa aspektu horretan gutxietsita dagoela iruditzen zait. Niri ume-ume tatik lankidetza transmititu didate, taldelana, denok bat eginda lorpen handiak eskuratu daitezkeela... Realean oso ondo lantzen dituzte bizitzarako beharrezkoak diren baloreak.

 • Realak eta Getafek joko oso desberdina dute. Zein estilotako futbola gustatzen zaizu zuri?
Getafek joko oso zehatza dauka. Bertikalean jokatzen du asko, oso erasokorra da eta asko identifikatzen naiz joko horrekin. Realak gehiago jokatzen du, baina badauka baita ere bertikalitate hori. Realarena da niri gustatzen zaidan futbol jokoaren adibide garbia.

 • Realak hitz dotoreak eskaini dizkizu futbola utzi duzunean. Zer daukazu esateko?
Realak eman didan maitasun horrekin geratzen naiz. Momentu onak eta txarrak izan ditut, baina amaierara iristean horrelakoak entzutea polita da.

 • Hainbeste urte Realean egon ostean Getafera joatea gogorra egin zitzaitzun?

Ikusten nuen Eusebiorekin [Sacristan] ez nuela jokatzen eta esan zidatenean onena beste bide bat hartzea izango nuela, ez nuen trauma handiegirik sentitu. Une hartan Estatu Batuetan jarri nituen begiak. Esperientzia berri bat nahi nuen, bai kirolean eta baita familia alorrean ere, eta hango talde batera joatekotan egon nintzen. Azkenean fitxaketa hura ez zen gauzatu, eta Getafen amaitu nuen. Ez naiz damutzen hartutako erabakiaz. Klubean oso gustura sentitu naiz, taldekideekin ere primeran moldatu naiz eta Madrilen bizitzen ere gustura egon gara. Esperientzia oso ona izan da.

 • Getafera joan berritan C.D. Elgoibar mendeurrena ospatzen ari zen eta Realak jokatu zuen Mintxetan. Gutxigatik ezin izan zenuen jokatu partida hura.
Bai, partida ikustera joan nintzen Mintxetara eta bai, pentsatu nuen polita izango litzatekeela jokatu izana, baina bizitzan dena ezin izaten da egin.

 • Mintxetan hasi zinen futbolean C.D. Elgoibarren. Zein oroitzapen dituzu?
Oso politak. Ikastolako jolasorduan jokatzea bezalakoa zen niretzat, baina tamaina handian eta benetako porteriekin. Realera joan nintzenean dena desberdina izan zen. Orduan ikasi nuen zer zen benetan futbola.

Elkarrizketa osorik BARREN aldizkariko 1150. zenbakian -PDF-

2020 02 26 markel bergara elgoibar elkarrizketa barren

∞Lotura duten albisteak: