Ainhoa Lendinez saharar errefuxiatuen aldeko elkartasun maratoiko podiumean

Barren.eus 2020ko ots. 26a, 19:35

Saharar errefuxiatuen aldeko elkartasun maratoia egin zuten otsailaren 25an. Guztira 25 herrialde ingurutik joandako 452 saltakarik hartu zuten parte basamortuko baldintza gogorretan jokatzen den lasterketan, eta emakumezkoen podiumera igotzea lortu zuen Ainhoa Lendinezek. Lasterketa baino gehiago da ordea proba hau, eta etxera ailegatzean errefuxiatuen kanpalekuetan bizi diren sahararren egoeraren berri emateko eskatu diote. "Maratoi honekin euren egoera munduan zabaltzea da helburua eta zinez merezi du", dio Lendinezek.

Distantzia desberdinetako probetan (5, 10, 21 eta 42 kilometrokoak) parte hartzeko aukera dago Saharar errefuxiatuen aldeko elkartasun maratoian, eta Ainhoa Lendinezek maratoia egitea erabaki zuen. Mendirik ez dagoen herrialde batera bidaitu duen estreinako aldia izan dela nabarmendu du elgoibartarrak, eta helburu solidario bategatik aldatu dituela mendiak basamortuagatik. "Amets bat bete dut. Hunkigarria izan da bidean umez inguratuta joatea. Gogorrena, baina, emakumeek bizi duten egoera ikustea izan da. Munduko leku askotan moduan, azpiratuta bizi dira. Ezkontzeko direnean gizenduarazi egiten dituzte hormonak hartuz eta umeak egiteko arazoak badituzte senarrek utzi egiten dituzte. Izugarria da 21. Mendean honelako errealitateak egotea munduan", azaldu du.

Lasterketari dagokionez, gogorra bezain ederra izan zela dio. "Maratoi bat beti da gogorra, izan mendian edo asfalto gainean, baina basamortuko harea gainean 42 kilometro korrika egitea bereziki gogorra dela esan dezaket orain. Gainera, entrenamentuetan behar baino kilometro gutxiago eginda joan nahiz, Nepaletik itzuli nintzenetik 22 kilometroko entrenamenduak izan baitira egin ditudan luzeenak. Eta igarri dut". Maratoiaren erdiraino sentsazio onekin ailegatu zela dio, baina hurrengo hamar kilometroak oso gogorrak egin zitzaizkiola, hondar-dunaz jositako ibilbide zatian harea mordoa sartu baizitzaion oinetakoetan. Hareak urradurak eragin eta behatzak odoletan laga zizkion. Horrez gainera, beroa izan zen oztopo nagusia. Irteeran 10 gradu markatzen zuen termometroak eta helmugara iritsi zirenean 30 gradukoa zen beroa. Sahararrek aterpe dituzten hiru wilaya (herrialde) batzen ditu maratoiak: Smara, Auserd eta Aaiun. Zailtasunak zailtasun, Lendinez pozik dago maratoia lau orduz azpitik bukatzea lortu zuelako. "Espero ez nuena da podiumera igotzea". Hirugarren postua lortu zuen emakumezkoetan. Gizonezkoetan Lehsen Mohamed sahararra gailendu zen Maratoiaren 20. ekitaldia izan den honetan.
 • Helburu solidarioa
Bidaia hau egiteko izan duen arrazoi nagusia solidarioa izan dela azpimarratu du Lendinezek. Elgoibartik hara laguntza emateko deialdia egin zuen joan aurretik eta jateko, arropa eta botika mordoa eraman dituzte Tindufeko (Aljeria) basamortuan bizi diren errefuxiatuentzako. Beste era bateko laguntza ere eskatu diete han. "Etxera iristen zarenean kontatu hemen ikusi dezuna. Hori da guretzat laguntza onena", esan digute. Ikusi dutena izugarria dela dio, "Marokok euren lurretik bota zituen sahararrak eta Aljeriak utzitako eremu honetan bizi dira. Hamadan. Hamadak esan nahi du basamortuko infernua. Hemen ez dago ezer, laguntza humanitariotik bizi dira errefuxiatu izaera aitortu zaielako. Adobez egindako etxeak dituzte, edateko ur txarra, guk botilatik edan behar izan dugu, eta jatekoa oso eskas. Maratoi honekin euren egoera munduan zabaltzea da helburua eta zinez merezi du".
Otsailaren 27a Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoaren eguna da, eta aldarrikapen egun hori baliatzen dute Sahararen aldeko elkartasun maratoia egun horren bueltan antolatzeko.

2020 02 25 sahara maratoia ainhoa lendinez podium

2020 02 25 ainhoa lendinez sahara maratoia

2020 02 25 sahara maratoia ainhoa lendinez saltaka