C.D. Elgoibarko zuzendaritzak denboraldi bukaeran emango dio amaiera bere jardunari

Barren.eus 2020ko ots. 11a, 18:53

2016tik Club Deportivo Elgoibar taldea gidatu duen zuzendaritza batzordeak iragarri du ekainaren 26an emango diola amaiera bere jardunari, iaz egin zuten urteko batzarrean bazkideen aurrean jakinarazi zutena betez. Zuzendaritza lagatzeko dituzten arrazoien berri eman dute.

 C.D. Elgoibarko gaur egungo zuzendaritza batzordeak 2016ko ekainean hasi zuen agintaldia, 2017ko udara arte Anton Iranzo buru zela; eta, 2017tik hona Jon Basurto izan da futbol taldeko presidentea. Hamabost bat laguneko lantaldea ibili da klubari tiraka, eta denboraldi hau amaitzean badoazela jakinarazi dute. Ardura hartu zutenean zituzten helburuak gogora ekarri dituzte orain, lau urteko lanaren errepasoa eginez. Besteak beste, honako helburuak eta erronkak zerrendatu dituzte: lehen taldea jokalari elgoibartarrez osatzea, emakumezkoen futbola berreskuratu eta bistaratzea, futbol eskola indartzea, inguruko taldeetan zeuden jokalari elgoibartarrak herrira ekartzea, kirol-taldea ekonomikoki bideragarria izatea, bazkide berriak lortzea, kluba herrira eta herritarrei gerturatzea, eta futbolean euskararen erabilera bultzatzea eta sustatzea. "Horiek eta beste asko izan dira azken lau urteetan eduki ditugun buruhausteak. Gauza asko egin ditugu, badakigu beste batzuk ez ditugula egin eta baita zenbait helburu bete ez ditugula ere", adierazi dute. Edonola ere, nabarmendu dute ilusioa izan dela uneoro zuzendaritza taldearen iparrorratza, "eta egin dugun lan guztia intentzio onenarekin egin dugu, beti CD Elgoibarren interesen alde". C.D. Elgoibarren mendeurreneko ospakizuna kudeatzea ere tokatu zaie, Mendeurren Batzordearekin elkarlanean.

•Erreleboa emateko prestutasuna
Joan zen urteko denboraldi amaieran eginiko batzar orokorean bazkideei jakinarazi zieten moduan, agur esateko unea ailegatu zaiela diote, eta klubean beste lantalde baten ideiak eta ilusioak ezartzeko une egokia dela uste dute.
Egungo zuzendaritza batzordeak prestutasun guztia azaldu nahi du datozenekin, eta hurrengo denboraldirako planifikazio eta prestakuntza lanak errazte aldera, jakinarazi dute Mintxetako bulegoko ateak zabalik dituztela edozein duda argitzeko. Hortaz, kluba zuzentzeko lantalderen bat prest balego, eurekin harremanetan jartzeko eskatu diete, aurrerapausoak ematen hasteko.
"Plazer handi bat izan da C:D. Elgoibarreko parte izatea, eta eskerrak ematen dizkizuegu bide honetan lagundu gaituzuen guztioi. Bihotzez mila esker", esan dute agurtzeko.

 Lotura duten albisteak: