Markel Bergarak (Elgoibar, 1986), Getafe taldeko futbol jokalari elgoibartarrak, sare sozialen bitartez jakinarazi du futbola lagatzea erabaki duela.
Madrilgo Getafe C.F. futbol taldeak sare sozialetan zabaldu duen bideo batean azaldu ditu Markel Bergarak erabakia hartzeko izan dituen arrazoiak. Irribarrea galdu gabe eman ditu 33 urterekin erretiroa hartzeari buruzko azalpen guztiak.
Behin eta berriz errepikatu den belauneko lesio baten ondorioz erabaki duela futbol jokalari izateari lagatzea azaldu du erdilari elgoibartarrak, "bizitzaren parte bat" dela gogoratuz. Erretiroaren arrazoiak eman ostean, futbol ibilbidean jokatu duen talde guztiak gogora ekarri ditu, "hasi CD Elgoibartik, nire herriko taldea, Vecindario eta Eibar taldeak, non bi urte zail pasa nituen, baina heldutasun handia hartzeko balio izan zidan. Bereziki gogoan dut nire bizitzako kluba izan den Reala, bertan hezi bainintzen profesionalki zein pertsona moduan. Han neureganatu nituen futbolari eta pertsona ororentzat funtsezkoak diren baloreak. Eta, Getafe taldea, nire azken taldea izan dena ere, letra larriz nabarmendu nahi dut. Une oso gogorrak bizi izan ditut, baina uneoro babes handia sumatu dut, bai kirol taldearena eta baita zaleen babesa ere. Pribilegiatu bat sentitzen naiz bidean ezagutu dudan jende guztia ezagutzeko aukera izateagatik: futbolariak, entrenatzaileak, kirol zuzendariak, taldeetako medikuak, teknikoak, presidenteak... horien guztien aitortza, babesa eta maitasuna sentitu ditudalako. Futbol ibilbidetik nirekin eramango didan gauzarik garrantzitsuena dela uste dut. Eta, bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkiet, bereziki, une zailetan alboan izan ditudan lagun guzti horiei: nire gurasoak, arreba, familia, lagunak, bereziki nire emaztea. Guzti horiek gabe honek ez luke izan duen zentzua izango, eta izatea bera ere ezinezkoa zatekeen. Eskerrik asko eta besarkada handi bat".
Getafek ere 'eskerrik asko' batekin agurtu nahi izan du Realeko jokalari ohia #GraciasMarkel eta #UnAzulonMas traolak erabilita.
Realak ere zabaldu du esker oneko mezua. "Zutaz harro. Zu bezalako pertsonek osatzen dute Reala. Eskerrik asko Markel!" idatzi dute sare sozialetan.
Markel Bergararen ama Mari Axun Larrañagak ere zabaldu du esker oneko mezua Twitter sare sozialean. Getafeko presidentea, Angel Torres eta entrenatzailea, Jose Bordalas, nabarmendu ditu, "Markel Getafen, talde handi honetan, jokatzeko konbentzitu zutelako. Haien animoak eta babesa emateko berbak beti izan ditugu lagun, une onetan, zein gazietan. Getafe kirol taldea osatzen duten guztiei eskerrak eskerrak emateaz gainera, zarata askorik egin gabe esan diola agur futbolari nabarmendu du Larrañagak. "Gure Markeli agurrak era xumean egitea gustatzen zaizkio, eta horrexegatik bai Realetik eta oraingo honetan Getafetik, zarata askorik egin gabe egin du bere agurra", esan du.
Ofizialki orain jakinarazi badute ere, orain dela pare bat hilabete hartu zuen Bergarak fubola lagatzeko erabakia, meniskoa hautsi eta hurrengo asteetan, hain justu ere. Getaferekin taldea lagatzeko erabakia adostu eta hitzartu ostean, gaur egin dute jakinarazpena. Markel Bergara 2017/2018 denboraldian joan zen Madrilgo Getafe taldera, Realean hogei urte egin eta gero, baina lesioen ondorioz ez du jarraian jokatzeko aukerarik izan.
∞Lotura duten albisteak:
- Markel Bergarak meniskoa hautsi du eta zenbait hilabete eman beharko ditu zelaietatik kanpo (2019-10-04)
- Markel Bergarari agur esateko eta eskerrak emateko bideoa egin du Realak (2018-07-23)
-
Markel Bergara Getaferekin fitxatzetik gertu dago, eta ez du Realarekin Mintxetan jokatuko (2017-07-15)
- Markel Bergarak kontratua berritu du Realarekin 2019ra arte (2015-11-18)
-
Aztoramendu handia sortu zuen Markel Bergara eta Sergio Canalesen bisitak (2014-12-18)
- Markel Bergara euskal selekzioaren deialdian estreinakoz (2011-05-20)
- Markel Bergarak 2013ra arte luzatu du kontratua Realarekin (2009-03-12)
- Markel Bergarak debuta, Etxeberriak 400. partida Ligan (2007-09-17)
- Markel Bergara Realeko lehen taldean arituko da datorren denboraldian (2007-06-07)