Debabarreneko raida egingo dute irailaren 26an Elgoibarren

Barren.eus 2015ko uzt. 10a, 14:10

Morkaiko mendizale elkarteak Debabarreneko lehen raida antolatu du irailaren 26rako. Mendia eta orientazioa uztartzen dituen proba izango da eta Euskal Herriko raid ligaren barruan jokatuko da. Elgoibarren prestatu dute ibilbidea. 

10:00etan hasiko da proba Kalegoen plazan, eta 17:00etan amaituko da leku berean. Partaideek bikoteka parte hartu beharko dute, eta bikoteak emakumezkoenak, gizonezkoenak edo mistoak izan daitezke. Bikote bakoitzak zazpi ordu izango ditu gehienez proba amaitzeko. Antolakuntzak hainbat kontrol leku jarriko ditu ibilbidean zehar, eta bikoteek kontrolgune horietatik pasatu beharko dute, puntuak eskuratzeko. Ahalik eta puntu gehien lortzea izango da helburua, zazpi ordu horien barruan. Probak bost atal izango ditu, eta partaideek hainbat kirol-proba egin beharko dituzte. Tarte batzuetan mendiko bizikletaz eta beste batzuetan oinez bete beharko da proba. Erreka jaitsiera bat ere egongo da, eta beste abilezi eta orientazio proba berezi batzuk ere egin beharko dituzte partehartzaileek. 

Morkaikoko kideek esan dutenez, ibilbide “oso polita” prestatu dute, bakoitzak bere neurrira moldatu ahal izango duena. Hau da, gogor lehiatu nahi duenak izango du horretarako aukera, baina lasaigo joan nahi duenak ere, ibilbidea laburtzeko aukera izango du.

• Imanol Garaizabal Raid de Araneko podiumean

Imanol Garaizabalek Raid de Aran proban hartu zuen parte joan zen astean, beste hiru kiderekin laukotea osatuta, eta hirugarren egin zuen. 77 orduko orientazio proba da, Europako Raid zirkuitokoa. Ostegunean hasi zen proba, 9:00etan, eta domekan zeukaten proba amaitzeko ordu muga, 14:00etan. 77 ordu guztira, atsedenik gabe. Proba erdian lau orduko etena egin behar zuten derrigorrez, baina bestela, talde bakoitzak erabaki behar zuen noiz eta nola deskantsatu. "Lehenengo egunean eta hirugarrenean hamarna minutu egin genituen lo, eta nahikoa izan zen. Hamar minutuk askorako ematen dute", esan du Imanolek. 

50 bat taldek hartu zuten parte guztira, eta hasierako asmoa proba amaitzea bazen ere, orduak aurrera joan ahala podiumean sartzeko aukera zutela konturatu ziren Imanol eta bere taldekideak: "Horrek sekulako indarra eman zigun", adierazi du. Estrategian asmatu zuten. Zona bakoitzean derrigorrez lortu beharreko balizak zeuden, eta horrez gain, puntu gehiago ematen zuten bereziak: "Derrigorrezkoen bila joatea erabaki genuen, eta amaieran, denbora bageneukan, hartuko genituela bereziak". Horrek aukera eman zien probak zituen hainbat mozketa puntutara garaiz iristeko, eta beste talde asko ez ziren mozketa horietara iritsi. "Lehen mozketan hiru talde bakarrik pasatu ginen denbora barruan, eta beraz, bagenekien podiumean geundela". 75 ordutan bukatu zuten proba. Proba gogorra, baina polita izan dela nabarmendu du Imanolek. 15.000 metroko desnibel positiboa gainditu dute, 250 kilometro egin dituzte bizikletan, eta 140 kilometro oinez. Horrez gain, kayak, erreka jaitsiera, eskalada edota padelsurf proba bereziak ere pasatu dituzte.

2015 07 04 imanolgaraizabal raid aranbailaran