Barixakuan (uztailak 10) hasi eta domekara bitartean jokatuko da aurtengo Ehunmiliak ultratrail mendi proba. Beasainen izango da irteera 18:00etan, eta gauerdi inguruan iritsiko dira Azkarate gainera. Elgoibartarren artean, Joseba Elustondok eta Iban Fernandezek eman dute izena.
Barixaku arratsaldean hasiko da ultren festa Beasainen. Ehunmilak: 168 kilometro (+11.000 metro), 18:00etatik aurrera. Goierriko Bi Handiak: 88 kilometro (+6.000 metro), 23:00etan abiatuta. Eta aurten, estreinakoz, Marimurumendi: 42 kilometro (+2.300 metro), domekako 09:00etan. Hiru proba horietan parte hartzeko 900dik gora lagunek eman dute izena. Hiru probetan eman dute izena elgoibartarrek. Joseba Elustondok eta Iban Fernandezek Ehunmilak proban eman dute izena eta hamalau elgoibartar daude izena emanda Goierriko Bi Handiak proban parte hartzeko. Marimurumendi proban, berriz, elgoibartar batek eman du izena.
Azken urteotan bezala, Elgoibarko mendizale talde batek korrikalariei ongietorria egiteko ekitaldia antolatu du. 22:00etatik aurrera batuko dira Elgoibarko mendizaleak Azkarate inguruan, 22:00etatik goizaldeko 02:00ak harte aurreikusten baitute pasako direla parte hartzaileak Sargoate eta Azkarate ingurutik.
Iaz bi elgoibartarrek amaitu zuten Ehunmilak Ultratrail lasterketa. Julen Azpiazuk 36 ordu eta 17 minutuan osatu zuen ibilbidea eta Edu Uribek 47 ordu eta 12 minutu behar izan zituen.
-
Elgoibartarren emaitzak Ehunmilak ultratrailean eta Goierriko Bi Handietan (2013-07-15)
- Edu Uribek 45 ordutan amaitu du Ehunmilak ultratraila (2012-07-16)
- Ehunmilak proban parte hartuko dute Edu Uribek eta Josu Mendikutek (2012-07-11)
- Jose Luis Diezek 45 ordutan amaitu zuen Ehun Milak proba (2010-07-19)
- Hiru elgoibartar Ehun Milak mendi proban (2011-07-13)
- Ehun Milak proba amaitzea lortu dute Asier Arrietak eta Edu Uribek (2011-07-18)