Kirolak

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

2020 01 12 mugertza krosa elgoibar lehen 3 giz argazkia barrenAtletismoko izarretako bat den Hellen Obiri gailendu da Mugertza krosean, bigarren urtez jarraian. 30 urteko keniarrak Eskarmentu handiko saltakaria dela erakutsi du, eta uneoro kontrolpean izan du lasterketa. Gizonezkoetan, aldiz, gaztetasunak ematen duen grina erakutsi du 17 urteko Tadese Worku etiopiarrak, eta erakustaldia eman du.

Hotz esnatu da eguna Elgoibarren, baina eguzkia indarra hartzen joan ahala epeldu da giroa. Beste horrenbeste esan daiteke Mintxetara gerturatu diren ikusleez ere. Temperatura igotzen joan ahala gero eta lagun gehiago batu dira Mintxetako harmailetan zein zirkuituko hainbat lekutan, eta ikuskizunaz giro onean gozatzeko aukera izan dute. Kros egun borobila izan da gaurkoa.

Atletismoko izar handien arteko lehia baino lehenago, hainbat lekutatik etorritako atleta gaztetxoen arteko hamar lasterketa jokatu dituzte. Aurten partaidetza errekorra ondu du Mugertza krosak, eta 1.000 atletatik gora aritu dira antxitxika.
Junior mailako atletak Mamo Wolde Sariaren 18. ekitaldian lehiatu dira eta senior mailako lasterketak ailegatu dira gero.
 • Ezustekorik ez emakumezkoen lasterketa nagusian
Emakumezkoetan faborito argia zen Hellen Obiri keniarra, egungo Munduko Kros Txapelduna izateaz gainera, 5.000 metroetako munduko txapelduna ere badelako. Edonola ere, probaren hasieran ez du argi laga sasoi betean ailegatu den ala ez. Beatrice Chebet eta Eva Cherono herrikideekin batera joan da Obiri lasterketaren lehen zatian eta ikusteko zegoen zein zegoen indartsuen. Azken itzuli handian egin du ihes Obirik eta bakarrik gurutzatu du helmuga marra. Beatrice Chebet sailkatu da bigarren postuan, sei segundora, eta Cheronok egin du hirugarren, irabazlearengandik minutu erdira.
 • Tadese Workukren erakustaldia gizonezkoetan
Tadese Workuk (Etiopia, 2002) duela bi urte, 2018an, Mugertza krosa irabazi zuen Selemon Barega etiopiarra ekarri die gogora hainbati edo Leonard Komon beste batzuei, duela urte batzuk Elgoibarren hiru garaipen (2008, 2010 eta 2011) lortu zituen keniarra. Garaipena lortzean zuten gaztetasunak lotzen ditu hirurak, Worku, Barega eta Komon. Baregak moduan, bere herrikidea den Tadese Workuk 17 urterekin lortu du garaipena gaur. Komonek 19 urterekin lortu zuen Elgoibarko bere lehen garaipena. Gizonezkoen proban faborito argirik ez zegoela azaldu zuen probako zuzendari Zigor Diezek aurkezpenean, baina hala eta guztiz, kiniela gutxitan sartzen zen Workuren izena. Workuk zilarrezko domina eskuratu zuen iaz, junior mailako Munduko Kros Txapelketan, Danimarkan. Proba hura irabazi zuen Milkesa Mengeshak hartu du parte gaur Elgoibarko krosean, baina orduan lortu ez zuena lortu du gaur Workuk. Mengesha, -eta gainerakoak- menperatzea. Eta nola lortu gainera. Hiru itzuli falta zirenean erritmo aldaketa bortitza egin du eta aurkariekiko aldea gizendu besterik ez du egin helmugaraino. Ia minutu erdiko aldea -24 segundokoa- atera dio helmugan Richard Yator keniarrari. Aron Kifle eritrearrak egin du hirugarren.

  ARGAZKI-BILDUMA: 77. Mugertza Krosa

2020 01 12 mugertza krosa 77 elgoibar hellen obiri ihes arg barren 

∞Lotura duten albisteak:

 

 

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza