Elgoibarko atleta olinpikoei buruzko mahai-ingurua egingo dute barikuan

Barren.eus 2020ko urt. 8a, 10:03

1920an Belgikako Anberes hirian jokatu zituzten Olinpiar Jokoetan bi elgoibartarrek hartu zuten parte, Juan Mugertzak eta Inazio Izagirrek.

 Espainiako delegazio batek Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen aurreneko aldia izan zen Anberesekoa. Espainiak 56 kirolari eraman zituen Anberesera, eta bi elgoibartar zeuden horien artean, Juan Mugertza eta Inazio Izagirre. Aurten mendeurrena beteko dela-eta, sasoi haiek gogora ekartzeko mahai-ingurua antolatu dute Mintxeta Atletismo Taldeak eta Corredor aldizkariak. Bariku honetan, urtarrilaren 10ean, izango da solasaldia Aita Agirre Kulturgunean, 19:30ean hasita.

Anbereseko Olinpiar Jokoetan parte hartu zuten bi atleta elgoibartarren ibilerak izango dituzte hizpide bereziki. Hain zuzen ere, Mugertzaren eta Izagirreren familiako kideek hartuko dute parte mahai-inguruan. Mugertza krosaren historia eta estatistiketan adituak diren Juan Mari Iriondo eta Felix Astigarraga elgoibartarrek ere hartuko dute parte eta baita Alessandra Aguilar (Lugo, Espainia, 1978) antxitxikari ohiak ere. Aguilarrek makina bat bider parte hartu izan du Mugertza krosean eta hiru Olinpiar Jokotan parte hartutakoa da: Pekin (2008), Londres (2012) eta Rio de Janeiro (2016). Alex Calabuig eta Miguel Calvo izango dira mahai-inguruko gidariak.
"Nolakoa zen atletismoa sasoi hartan? Zergatik izan zen Elgoibar mugimendu olinpiko hasiberriren aitzindari edo sorlekuetako bat? Ba al dago Mintxetako aldapetan mugimendu olinpiko haren aztarnarik? galdera horiei eta beste batzuei erantzuna ematen saiatuko gara, eta herritar guztiok zaudete gonbidatuta", aurreratu dute mahai-inguruko antolatzaileek.