Mugertza kroseko kartel ofiziala aurkeztu dute antolatzaileek

Barren.eus 2019ko abe. 16a, 14:15

Juan Mugertza Nazioarteko krosaren 77. ekitaldia iragartzeko kartela aurkeztu du Mintxeta Atletismo Taldeak.

 Kartelean ageri den argazkia WangConnection-ena da eta kartelaren diseinua, berriz, Nerea Oteiza Zubiaurre eibartarrarena.

Elgoibarren izena munduan barrena zabaltzen duen krosa ederki islatzen duen kartela dela azaldu dute Mintxeta atletismo taldeko kideek, "kros handi bat, urtez urte munduko atletarik onenak elkartzen dituena, karteleko argazkian ageri diren Beatrice Chepkoech eta Helen Obiri, esaterako. Lehena, munduko errekorarren jabe da 3.000 metroko oztopo lasterketan; eta, bigarrena munduko kros txapelduna eta munduko txapelduna 3.000 metroko oztopo lasterketan. Biak argazki berean, eta biak gure krosean, Mintxetako zirkutuan". Mugertza kroseko antolatzaileek erakundeak eta babesleak eskertu dituzte, maila honetako krosa antolatzeko ezinbestekoak direlako, eta ematen duten laguntzari esker, "kirol ekitaldi hau atletismoaren ondare bihurtzen da, World Athletics.-ek izendatu berri duen duen bezalaxe". Izan ere The World Athletics Heritage Plaque izendapena jaso berri du krosak, Nazioarteko Atletismo Federazioko (World Athletics) ordezkariek Elgoibarrera eginiko bisitan jakitera eman zuten moduan.

2020ko urtarrilaren 12an jokatuko da 77. Juan Muguerza Nazioarteko Krosa.

∞Lotura duten albisteak: