Aspanogirentzako dirua batuko dute Elgoibarko Kirol Solidarioa elkartasun ekimenean

Barren.eus 2019ko abe. 12a, 14:44

Fibrosi kistikoa gaixotasuna dutenei laguntzeko elkartasun ekitaldia egin zuten iaz Olaizaga kiroldegiko igerilekuan, eta aurtengorako ere antolatu dute Elgoibarren elkartasun ekimen bat. Elgoibarko Kirol Solidarioa deitu diote eta iaz baino kirol talde gehiago batu dira ekimenera.

 Europako kirolaren herri onenak elkartasunean ere ez da atzera gelditzen, eta, Iaz hasitako bidetik ekintza solidario bat antolatu du Elgoibarko Udaleko Ongizate Sailak. Iazkoan igeriketa taldeak eta Sanlok hartu zuten parte, eta aurten igeriketako, futboleko, eskubaloiko, xakeko eta pilotako kirol taldeek hartuko dute parte ekimenean, abenduaren 14tik 20ra bitartean, eta batzen duten dirua Gipuzkoako Haur Minbizidunen Elkarteari –Aspanogi– emango diote, abenduaren 23an egingo duten ekitaldi batean. 

Abenduaren 14an, zapatua, Aspanogiren aldeko igeriketa saioa egingo dute Olaizaga kiroldegian, 16:00etatik 20:00etara. Bi kaletan 100 metroko serieak egingo dituzte ekimenera batzen diren lagunek. Parte hartzaile bakoitzak nahi adina serie egin ahal izango ditu, eta guztien artean ehun serie osatu nahi dituzte antolatzaileek. Aspanogirentzat dirua batzeko itsulapiko bat jarriko dute sarreran.

Egun berean, zapatuan, partidua jokatuko du Alcorta Forging Group eskubaloi taldeak, Uharte taldearen aurka, Olaizaga kiroldegian (19:30), eta Sanlokoek errifak salduz lortzen duten dirua Aspanogirentzako izango da. Eta gauza bera egingo dute C.D. Elgoibarrek eta Lagunak Pilota Eskolak ere. Lehenak, Haundik abenduaren 21ean Euskalduna taldearen aurka Mintxetan (16:30) jokatuko duen partidan salduko ditu errifak eta bigarrenak, pilota taldekoek, abenduaren 13an eta 20an Ikastolako frontoian, 19:00etatik aurrera, jokatuko dituzten partidetan Aspanogiren aldeko itsulapikoak ipiniko dituzte.

Zubi-Ondo xake taldeak ere bat egin du ekimenarekin, eta Nazioarteko Xake Txapelketa eta Danobat xake txapelketa azkarra zein eskolartekoa jokoan dauden bitartean itsulapikoak egongo dira xakelarien ondoan.

∞ Lotura duten albisteak:

2019 12 12 elgoibar kirol solidarioa aurkezpena aspanogi