Mintxeta Atletismo Taldeak eta Elgoibarko Udalak urtez urte berrituko duten hitzarmena sinatu dute

Barren.eus 2019ko abe. 3a, 15:00

Orain arte lau urterako lankidetza hitzarmenak sinatu izan dituzte Mintxeta Atletismo Taldeak eta Elgoibarko Udalak, baina aurrerantzean urtetik urtera berrikusi eta luzatuko dute hitzarmena, Mintxetak Mugertza krosa antolatzeko behar adinako antolakuntza-ahalmena duen arabera.

Mintxeta Atletismo taldeak antolatzen duen Juan Mugertza Nazioarteko krosa eta beste hainbat kirol ekimen diruz laguntzeko hitzarmena adostu dute Mintxetak eta Elgoibarko Udalak, 2016tik 2019ra indarrean izan den hitzarmena berrituz. Gaur egin dute hitzarmen berriaren sinaketa ekitaldia, udaletxean. 

Bi berritasun nagusi ditu hitzarmenak. Batetik, hitzarmen hau 2020ko edizioan egongo dela indarrean, eta gero, urtero luzatu eta berrikusi ahal izango da 2023ra bitartean, Mintxeta Atletismo Taldeak hurrengo urtetako antolakuntzari aurre egiteko gaitasuna duela uste duen bitartean. "Une honetan ezin dugu krosa antolatzeko epe luzeagorako konpromisorik hartu. Neurri handia hartu du krosak, asko hazi da, gero eta gogorragoa da antolatzea lan gehiago baitago egiteko eta urteak aurrera doaz guretzat. Horregatik erabaki dugu gure konpromisoa urtez urte berritzea, gure barruko antolaketarako hobea dela erabaki baitugu", azaldu du Mintxetako Mintxeta kirol taldeko lehendakari Zigor Diez Cidek.
 • Diru-laguntza handiagoa
Bigarren berrikuntza nagusia Udal Kirol Patronatuak diru-laguntza handiagoa emango duela da. Mugertza krosak izan ditzakeen hiru kategorien arabera (IAAF, EAA edo RFEA) diru kopuru bat edo beste jasoko du Mintxetak. Mailarik baxuena balu, alegia, Espainiako Atletsmo Federazioarena, 25.000 euro jasoko dit urtean. Kasu honetan ez da aldaketarik izan. Aldiz, goragoko bi mailetan badago, orain arte baino 2.000 euro gehiago jasoko ditu Mintxetak: 30:000 euro krosa EAA kategoria barruan jokatzen bada eta 32.000 euro kategoria gorenean, IAAF kategoriapean jokatzen bada, 2020koak izango duen kategoria, hain justu ere.

Udaletik jakinarazi dutenez, akordio hau, Udalak proba handi honekiko duen konpromosioaren seinale da, eta Mintxetak atletismoaren praktika sustatzeko egiten duen "lan nekaezina" babestu eta eskertzeko modu bat ere bada. “Krosa maila handiko kirol lehiaketa da, eta elgoibartarren artean oso errotuta egoteaz ganera, estimu handian dute herritarrek. Era berean, kontuan izan behar da, Muguerza Krosak gure mugez haratago zabaltzen duela Elgoibarko herriaren entzutea, eta horren ondorioz, Patronatuak dituen hainbat helburu bete egiten dira”, adierazi du Ane Beitia alkateak.

Mintxeta Atletismo Taldeak atletismoarekin lotutako hainbat ekintza antolatzen ditu, eta 2002.urtean hartu zuen Egotoki elkartearen lekukoa Krosaren antolaketan.

∞ Lotura duten albisteak: