Jokin Muñozek hirugarren egin du Gipuzkoako Maratoi Txapelketan, bere marka onduz

Barren.eus 2019ko aza. 26a, 13:27

Aurreko edizioetan bezala, Donostiako maratoiaren barruan jokatuko da aurten ere Gipuzkoako Maratoi Txapelketa, eta duela bi urte moduan, hirugarren postua eskuratu zuen Jokin Muñoz mendaroarrak, oraingoan baina, bere marka pertsonala onduz.

Zurich Donostiako Maratoiaren 42. edizioa jokatu zuten domekan Donostiako kaleetan. 2.664 lagun lehiatu ziren 42 kilometroko proban eta Keniako Collins Kipkorir (2:11:57) eta Portugalgo Susana Cunha (2:36:09) izan ziren azkarrenak.

Jokin Muñozek bi ordu, 28 minutu eta 13 segundoan osatu zuen maratoia, eta sailkapen nagusiko hamargarren postuan gurutzatu zuen helmuga marra. Meritu handiko emaitza da, aurten aurreko urteetan baino atleta atzerritar gehiago lehiatu baitziren eta horien artean antolatzaileek kontratatutako atleta afrikarrak, Keniatik etorritako hiru atleta (Cheboi Collins Kipkorir, Noah Kipsoi Kangogo eta Emmanuel Sikuku) eta Etiopiatik etorritako bi (Lema Tola Birbisa eta Demeke Kasaw Biksegn).
Muñozek sekula baino azkarrago egin zuen Donostiako maratoia, orain bi urte baino zazpi minutu gutxiago behar izan zituen, esaterako. Kilometroa 3:31ko erritmoan egin zuen, batez beste. Sailkapeneko seigarren postua eskuratu zuen Joseba Diaz azkoitiarrak irabazi zuen Gipuzkoako Maratoi Txapelketa, 2:24:08ko denborarekin.

 • Pozik eta aurrera jarraitzeko gogoz
Lau hilabeteko prestakeraren ostean, Jokin Muñoz pozik dago Donostian lortutako emaitzarekin. Batez ere maratoian izaten ari den bilakaerarekin dago pozik, distantzia zail honetara ondo moldatzen ari dela uste baitu. Korritu duen bosgarren maratoia izan da honakoa, eta denborak onduz joan da orain arte. Iaz egin zuen Valentziako maratoian zuen orain arteko markarik onena: 2:30:47. Bi minutu baino gehiago jan dizkio marka horri, eta berak dioen moduan "mundu bat da hori maratoian". Urteetako ahalegina eta sakrizioa direla sekretu bakarra dio, eta lesiorik ez izatea. Entrenamenduak lasaiago hartzea da orain bere asmoa eta Xabier Muriel bere entrenatzailearekin batera erabakiko du hurrengo urterako egutegia. Urtean maratoi bat egitea da bere asmoa.
 • Maratoia eta mendaroarrak
Jokin Muñoz ez da maratoian nabarmendu den aurreneko mendaroarra. Iker Maiorari hartu dio erreleboa. Maiorak emaitza oso onak lortu ziten Donostiako maratoian. Lehen gipuzkoarra izan zen 2009an, Gipuzkoako txapeldunordea izan zen 2010ean eta 2012an 13. postuan sailkatzea lortu zuen, besteak beste. Bi ordu, 27 minutu eta 17 segundokoa da bere marka pertsonal onena.

Elgoibartarren sailkapena Donostiako Maratoian:

  • 36. postuan Igor Torres Castilla (2:38:44)
  • 43. Gorka De La Horra Irastorza (2:40:18)
  • 61. Roberto Gonzalez Fernandez (2:43:16)
  • 209. Iñigo Iturbe (2:55:14)
  • 713. Iban Fernandez Rollizo (3:19:47)
  • 1087. Jose Luis Alonso Alberdi (3:30:47)
  • 1379. Jesus Alzaga Ansola (3:45:46)

*Argazkiak: Irati Iñurrieta.

2019 11 24 donostia maratoia jokin munoz podum irati inurrieta

2019 11 24 donostia maratoia irteea jokin munoz irati inurrieta

2019 11 24 donostia maratoia jokin munoz mendaro arg irati inurrieta ka3nu

2019 11 24 donostia maratoia jokin munoz mendaro arg irati inurrieta ka3nu animoak

2019 11 24 donostia maratoia jokin munoz mendaro arg irati inurrieta ka3nu etxekoak