Xabier Loiolak irabazi du 30. Euskal Herriko Hiru Txirlo bola joko txapelketa

Barren.eus 2019ko aza. 18a, 21:05

Markina Xemeingo Uhagon bolatokian jokatu zuten, zapatuan, 30. Euskal Herriko Hiru Txirlo bola joko txapelketako laugarren eta azken jaurtialdia. Sailkapen nagusiko lider ailegatu zen Xabier Loiola bolari elgoibartarra, eta ez zuen lehen postuari eusteko arazorik izan.

Markina Xemeingo MX3T taldekoek kirol tadea sortu dutela-eta, lagunarteko bazkari batekin hasi zuten eguna bolariek, Uhagon bolatokiari izena ematen dion Kulturguneko tabernan bertan. Gero, arratsaldean, 69 bolarik hartu zuten parte Euskal Herriko txapelketako azken jardunaldian. Lastur taldeko Joseba Lazkano itziartarra gailendu zen, zazpi txirlo botata. Etxeko bolariak, MX3T taldeko hiru markina xemeindar sailkatu ziren aurreneko sei postuetan, eta San Migel taldeko bi bolari ere sailkatu ziren lehen postuetan. Horietako bat, Xabier Loiola izan zen, sei txirlo botata laugarren postuan sailkatu zen. Eduardo Arrona elgoibartarra sailkatu zen bosgarren postuan.

Honenbestez, jokatutako lau jardunalditatik bi irabazi eta denera 23 txirlo botata, Xabier Loiolak merezimendu osoz jantzi du irabazlearen txapela. Zazpi txirloko aldea atera dio bigarren sailkatuari, Lander Odiaga markinarrari. Loiolarentzat Euskal Herriko txapelketa irabazi duen hirugarren aldia da. Bere lehengusua den Angel Ibarluzeak eskuratu zuen titulu hau iaz. Hain zuzen ere, bi lehengusuak gailendu dira bikotekako sailkapenean ere, bederatzigarren aldiz, eta baita San Migel A taldeko kide gisa ere, taldekako sailkapenean 24 txirloko aldea atera baitio San Migel Taldeak bigarren egin duen Eibarko Asola Berriri. Emakumezkoetan Asola Berri taldeko Sonia Gomez eibartarra gailendu da. Azkenik, Euskal Herriko eta Gipuzkoako txapelketetako emaitzak kontuan hartzen dituen Gipuzkoako Bolari Onenaren saria Angel Ibarluzeak lortu du, guztira 57 txirlo botata.

∞Lotura duten albisteak:

2019 11 16 eh txap boloak uhagon markina sanmigel taldea elgoibar

2019 11 15 eh bolajoku txap markina xaier loiola txapelagaz

2019 11 16 eh txap boloak uhagon markina bolatokia gauez

2019 11 16 eh txap boloak uhagon markina