30. urteurrena inoiz baino indartsuago ospatuko du Sanlok

Barren.eus 2019ko aza. 7a, 15:49

Aurrez egon ziren eskubaloi taldeak, bere partidak Aita Agirre plazan jokatzen zituen Pelouse, esaterako, baina 1989an sortu zuten Elgoibarko lehen eskubaloi taldea. C.D. Elgoibar futbol taldearen barruan sortu zuten, -sekzio bat zen, Manuel Esnaola Muxi presidente zela. Horregatik du Sanlok kamiseta zuri-gorria.

Ales Arrieta izan zen lehen talde hura sortzeko sustatzaile handienetako bat. Arrietak lehen mailan jokatu zuen Eibarko Arraten, eta beste hainbat jokalari elgoibartarrekin batera, Migel Angel Arozena, Patxi Aranberri... sortu zuen eskubaloi taldea. Ramon Mugica izan zen Sanloren aurrekaria zen talde hartako lehen entrenatzailea, Josean Hidalgorekin batera. Eskubaloian jokatu nahi zuten hainbat lagun zeuden Elgoibarren eta inguruko taldeetara joan behar izaten zuten horietako batzuek herrian talderik ez zegoela-eta. Hutsune hori betetzeko sortu zuen eskubaloi sekzioa C.D Elgoibarrek. 21 jokalarirekin hasi zuten lehen denboraldia, denak elgoibartarrak. Gipuzkoako bigarren mailan lehiatu ziren eta 500.000 pesetako aurrekontua izan zuen taldeak lehen denboraldian. Ales Arrieta izan zen aurreneko presidentea, eta Aitor Eizagirre, Paulo Arriola, Andoni Goikolea, Bikenzti Arregi eta Iñaki Arriola izan zituen lagun zuzendaritzan.

Taldea sortu eta hamar urtera, 1999. urtean, ordura arteko lotura eten eta futbolak eta eskubaloiak bakoitzak bere bidea jarraitu zuten Elgoibarren. Halaxe sortu zen Sanlo Eskubaloi Kirol Taldea. Denboraldi-aurreko entrenamenduetan Sallobentera egiten zituzten korrikaldiengatik jarri zioten Sanlo izena. Denboraldi honetan 30. urteurrena ospatuko du Sanlok. Nola eta noiz ospatu guztiz erabaki gabe dute oraindik, baina jai egun handi bat antolatzeko asmoa dutela aurreratu du Aitor Urain Sanloko presidenteak. "Momentuz urteurren ospakizunetarako logoa sortu dugu, eta ospakizun ekitaldiei forma ematen joan ahala emango dugu horien berri", esan du. 

 • 20 talde eta 340 jokalari
340 eskubaloi jokalari inguru dabiltza Sanlon 2019-2020 denboraldian. 60 neska-mutil dabiltza Eskubaloi Eskolan, eta lehiaketetan, gainerako 280ak. Infantil mailatik (12 urtetik aurrera) gora hogei talde ditu Sanlok, erdiak emakumeenak. Lau talde lehiatuko dira senior kategorian: Lauko (Euskal Liga, emakumezkoak), Alcorta Forging Group (1. Nazional Maila, gizonezkoak) eta Gipuzkoako 1. Mailan diharduten gizonezkoen bi talde: Salento Gelati eta Gaurve. Aitor Urainek jakinarazi duenez, mailari eustea izango da gizonezkoen taldeen helburu nagusia. “Talde nagusiak, Alcortak, gogor borrokatu beharko du mailari eusteko, juxtu xamar hasi baitute denboraldia, besteak beste, beste talde batzuetara joan diren jokalari gazteak galdu dituelako”.

 • Lauko, igoera helburu

Oso bestelakoa da Lauko taldearen egoera. “Senior emakumeen taldeak maila igoera lortzeko aukera handiak dauzkala uste dugu, bai zuzendaritzak, entrenatzaileek eta baita jokalariek ere, eta, erronka hori jarri diogu gure buruei. Talde ona daukagu, denboraldi ona egin zuten iaz eta aurten pauso bat aurrera emateko urtea da”. Honenbestez, duela hiru denboraldi galdu zuen mailara, Zilarrezko Ohorezko Mailara, itzuli nahi du Laukok. Liga txapelduna zuzenean igoko da eta bigarren sailkatuak sailkatze faseak gainditu beharko ditu igoera lortzeko, inguruko taldeen aurka lehenik eta Espainiako estatuko taldeen aurkako playoffetan gero. Une honetan, sailkapeneko bigarren postuan daude elgoibartarrak. Azken urteetan moduan, horretarako aukerarik suertatzen bada, igoera faseak antolatzen jarraitzeko asmoa ere badauka Sanlok. "Gure taldeei lorpen handiak zaleen aurrean eskuratzeko aukera emateaz gainera, eskubaloirik onena zaleei gerturatzea izan da beti gure asmoa, eta bide horretatik jarraituko dugu lanean", adierazi du Urainek. Sanlok 130.000 euroko aurrekontua izango du denboraldi honetarako.