Juan Mugertza, Behobia Donostiako aurreneko irabazlea

Barren.eus 2019ko aza. 7a, 14:37

Domekan jokatuko duten Behobia Donostia lasterketak 100 urte bete ditu aurten, 1919ko martxoaren 30ean jokatu zutelako estreinakoz. Gaur egun sona handia duen lasterketak lotura berezia du Elgoibarrekin, Juan Mugertza Sasieta (1900-1937) antxitxikaria izan zelako lehen irabazlea. Elgoibarko korrikalari handiak 1:17:50 denboran osatu zituen hogei kilometroak.

Antxon Iturrizak Fortuna Kirol Elkartearen Mendeurreneko liburuan dioenez, kirol eta antolakuntza “erronka” izan zen lehendabiziko Behobia-Donostia antolatzea. Izan ere, 1919an Gipuzkoan lasterketa egutegi zabala zegoen arren, 5 eta 10 kilometroko lasterketetan lehiatzen ziren sasoiko saltakariak, Cross Country moduan ezagunak ziren probetan. Lasterketok gertakari herrikoiak ziren, korrikalariak tranbietan eramaten zituzten, musikarekin harrera egiten zieten eta txaloka agurtzen zituzten ehunka lagunek bide ertzetatik.
Ordura arteko mugak gainditzen zituela-eta, ezusteko handia izan zen Fortuna elkarteak hogei kilometro luze zituen lasterketa antolatzea. Atletak ez zeuden ohituta halako distantzia luzeetara, eta antolatzaileentzat eta ikusleentzat ere berritasun handia zen. Horrenbestekoa zen berritasuna, garaiko egunkariek ikusleentzako eta korrikalarientzako argibideak argitaratu zituztela aurreko egunetan. Antxitxikariak Hendaiara joan ziren goizeko zortziak bost gutxitako ‘Topoan’. Geltokian zain zuten irteerara eramango zituen ibilgailua. Faisanen uhartearen parean eta nazioarteko zubitik 300 metrora zegoen irteera. Hara joanak ziren kotxean antolatzaileak, ordezkariak eta kazetariak ere. Haiekin batera, txirrindulari, motorista, zaldizko eta ikusle multzo bat zain zegoen, “gogotsu” irteerako unea noiz ailegatuko. Antolatzaileek erabaki zuten korrikalari bakoitzarekin txirrindulari laguntzaile bat joatea. Hainbat zeregin zituen laguntzaileak: korrikalariari babesa zein masajeak ematea, hesgailuak jartzea, e.a. Era berean, atletei gomendatu zieten oinetako lauak erabiltzeko edo bestela abarketak artile galtzerdiekin.

2019 11 07 behobia donostia 100 urte juan mugertza elgoibar partehartzaileak bidean arg fortuna ke
 • Hamalau saltakarik amaitu zuten aurreneko Behobia-Donostia
Estreinako Behobian 22 korrikalarik hartu zuten parte, denak gizonezkoak. Sasoiko ia proba guztietan nagusi ziren Juan Mugertza, Miguel Peña edo Modesto Makazaga zeuden izena emandakoen artean. Makazagak hartu zuen probaren burua lehen zatian, hala aholkatu baitzion bere laguntzaileak, Luis Adarragak. Kirolari aparta izateaz gainera, Adarraga Fortuna elkarteko bazkide sortzaileetariko bat zen. Gaintxurizketa gaina ere aurreneko postuan pasa zuen Makazagak, baina beherakoan aurrea hartu zion Juan Mugertzak. Jende andanaren artetik aurrera eginez Victoria Eugenia parean jarritako helmugara ailegatu zen lehen korrikalaria. Juanito Mugertza zen. Zaleek bere izena oihu egiten zutela zeharkatu zuen helmugako marra. Makazagak egin zuen bigarren, Mugertzagandik 20 segundora. Hamalau antxitxikarik amaitu zuten lehendabiziko Behobia-Donostia.

2019 11 07 behobia donostia 100 urte juan mugertza elgoibar parte hartzaileak arg fortuna
 • 90 elgoibartar eta 19 mendaroar izena emanda
Fortunakoek euren webgunean jaso dutenez, Behobiatik Donostiaraino egin zuten estreinako lasterketa hari buruzko kronika idatzi zuen "El Pueblo Vasco" egunkariak eta hainbat bitxikeria jaso zituen. Andres Peña bankugizonarena, esaterako. Peñak agindu zuen bost dolarretako urrezko txanpona emango ziola bera bizi zen Toki Alaia etxe paretik lehena pasatzen zen korrikalariari. Mirakruz Gaina igo osteko jaitsieran zegoen etxea. Lehen edizio honen arrakastaren ondoren lasterketaren beste zazpi edizio jokatu zituzten jarraian, baina antolatzeari laga zioten gero, harik eta 1936. urtean berriro berreskuratu zuten arte. 36ko Gerraren ondorioz, baina, behin jokatu eta 1941era arte ez zuten berriro egin. Hala, 1919tik 1963ra bitartean, hamalau alditan bakarrik korritu zen Donostia-Behobia lasterketa. Gero, geldialdi baten ondoren, 1979. urtean berreskuratu zen. Urte hartatik, segida izan du lasterketak.
Domekan jokatuko duten Behobia Donostiaren 55. ekitaldirako, 33.379 korrikalari daude izena emanda, tartean 90 elgoibartar eta 19 mendaroar. Historiako bigarren izen ematerik handiena izan da aurtengoa eta seigarrenez gainditu da 30.000 parte hartzaileen muga.

2019 11 8 behobia donostia 1919 irteera fortuna ke
 • Bonben azpian hil zen txapelduna
Elgoibarrek eman duen atletarik handienetarikoa 1937an hil zuten, 36ko gerran frankistek Mungia bonbardatu zutenean. Bost aldiz jarraian izan zen 1.500 metroko Espainiako txapeldun, eta lautan 5.000 metrokoan. 17 urterekin bi tituluak irabazi zituen 1917an Donostian jokatu zuten estreinako Espainiako Atletismo Txapelketan. Anberesko Olinpiar Jokoetan ere parte hartu zuen 1920an, bi probetan, eta ez zuen lehen fasea igaro. 1921ean Afrikara bidali zuten soldadu, eta handik bueltan ez zuen aurreko mailarik eman. Mugertzaren omenez sortu zuten 1943an Juan Muguertza Nazioarteko Krosa.

2019 11 07 juan mugertza atleta erretratua elgoibar

2019 11 07 juan mugertza atleta 1918 eibarren indalecio ojanguren

2019 11 07 juan mugertza antxitxika tolosan 1919 arg martin ricardo

∞Lotura duten albisteak: