Karakateko Igoera antolatzeko boluntarioak behar ditu Morkaikok

Barren.eus 2019ko aza. 7a, 10:25

Azaroaren 16an jokatuko da Karakateko Igoera mendi lasterketaren 26. ekitaldia. Morkaiko mendi taldetik jakinarazi dute boluntarioak behar dituztela lasterketa antolatu ahal izateko. Gaur, berriz, mendi emanaldi zikloa hasiko da Xabi Smithy Mujikak emango duen hitzaldiarekin.

Karakateko Igoerako irteeratik, Kalegoen plazatik, Agerre baserri parera arteko bidean dauden bidegurutzeak zaintzeko prest dauden boluntarioak behar ditu Morkaikok, bereziki, eta baita antolakuntzako beste zenbait lan egiteko prest dauden boluntarioak ere. "Makina bat herritarrek horren gogokoa duten proba era egokian antolatu ahal izateko jende beharrean gaude", esan dute Morkaikoko kideek. Laguntzeko prest daudenek morkaiko@morkaiko.eus helbidera bidali behar dituzte euren datuak: izen-abizenak eta telefono zenbakia. Hala egiten dutenekin eurak jariko direla hartu emanetan adierazi dute mendi taldetik. Morkaikok eguaztenetan irekitzen du Errosario kalean duten egoitza, 19:00etatik 20:30era bitartean.
 • Aizkorriko kanalak mendi emanaldien lehen saioan
Xabi Smithy Mujikak emango duen hitzaldiarekin hasiko da gaur, hilak 7, 2019ko Udazkeneko Mendi Emanaldi Zikloa. Mendizalea, erizaina eta blogaria da Smithy ordiziarra. Aizkorriko kanalak: alpinismoa Goierriko bihotzean izenburua duen hitzaldia emango du Inazio Bereziartua musika eskolako auditoriumean, 21:00etatik aurrera. Gipuzkoako mendirik garaienak dituen kanaletan eginiko eskaladei buruz berba egingo du. Ohiko bideetatik ihesi, ez-ohiko bideak aurkitzen saiatzen den mendizalea da Smithy, eta Goierrin duten “altxor” hori ezagutzera ematea da bere asmoa. 

2019 11 07 smythi mendi emanaldiak morkaiko

∞Lotura duten albisteak: