Elgoibar izendatu dute 2019ko Europako Kirolaren Herri Onena

Barren.eus 2019ko urr. 21a, 18:23

Europako hamar herrik jaso zuten Europako Kirol Herri izendapena, eta horien artean Elgoibarrek lortu du boto gehien 2019ko Europako Kirolaren Herri Onena izateko. Elgoibarko ordezkariek urrezko bandera jasoko dute saritzat abenduaren 10ean Bruselako Europar Parlamentuan egingo duten ekitaldian.

ACES Europe, Kirolaren Hiriburu eta Hirien Elkarteen Federazioak izendatzen ditu Europako kirolaren herriak eta hiriak, eta izendatutakoen artean onenak izan diren hiriak eta herriak ezagutzera eman zituzten atzo. Elgoibar da kirol herri izendapena jasotakoen artean onena. Kosiceko Unibertsitateak (Eslovakia) ebaluatu du 2019an Europako Kirolaren Herri izendapena jaso duten hamar herriek urtean zehar egindako lana eta abiarazitako kirol ekintzak. Elgoibarko Udaletik zehaztu dutenez, ez dute bakarrik ekintza kantitatea aztertu, baita horien kalitatea, aniztasuna eta helburua ere. Era berean, parte-hartzea, bertaratutako publiko kantitatea, difusioa edota ekintzaren garrantzia, bolondresen kantitatea edota inpaktu mediatikoa bezalako faktoreak aztertu ditu epai-mahaiak. Antolatzaileen gutuna jaso du Elgoibarko Udalak (hona gutuna, ingelesez, -PDF-), eta azaldu dutenez, saria urtean zehar egindako lan aparta eta esfortzu sistematikoaren erakusgarri dela dio gutunak.

 • Europako bederatzi herrirekin lehian
2019an Europako Kirol Herri izendapena jaso duten Europako beste bederatzi herrirekin lehiatu da Elgoibar azken hilabeteetan: Espainiako Jaca eta Torrijos, Croaziako Prelog, Frantziako Gignac la Nerthe, Italiako Chianciano Terme, Livigno, Omegna eta Sesto Calende eta Luxenburgoko Dudelange.
Sariak Nazioarte mailako erreputazioari bultzada baliotsua ematea suposatzen duela nabarmendu dute udal ordezkariek, "Elgoibar mundu mailako kirol-sektoreko foko sozial, politiko eta instituzionalean kokatuz".
 • Sari banaketa Bruselan
Elgoibarrek abenduaren 10ean jasoko du saria, Europar Parlamentuan (Brusela, Belgika) egingo duten ACESek antolatutako urteko galan. Beste udal ordezkariekin batera, Ane Beitia Elgoibarko Alkateak ACES Europeko (Federation for the Associations of the European Capitals and Cities of Sport) Lehendakaria den Gian Francesco Lupatteliren eskutik jasoko du saria.
 • Era askotariko 60 kirol ekintza
Urtarriletik irailaren 30 era arte Elgoibarren 60 kirol jarduera berezi egin dituzte: 21 lehiaketa federatu, 25 txapelketa herrikoi eta 14 kultur ekintza (balioei buruzko solasaldia, trasports erakusketa, argazki lehiaketa-erakusketak, Udal bandaren kontzertu berezia, danborrada, e.a.). Guztira 15.000tik gora kirolarik, 50.000 ikuslek eta 1.500 boluntariok parte hartu dute ekintza horietan.
“Gure herriak, Elgoibarrek, hein handi batean urtean zehar abiarazitako 60 ekintza berezi hauei esker lortu du ACESen sari hau. Herritarrek, kirola, kultur eta hezkuntza elkarteen bitartez bat egin dute ekimenarekin, eta euren esfortzuari esker, Elgoibarrek sari hau merezi duela erakutsi dugu” adierazi du Ane Beitiak Elgoibarko alkateak albistea ezagutzerakoan.
Europar sari honen ospakizunari esker, mota askotariko jardunak abiarazi dira Elgoibarren. Azkeneko hilabeteetan, maila nazional eta nazioarteko mailan garrantzi handia duten lehiaketa federatu eta herri mailako lehiaketa ugari egin dira. Azken hauei dagokionez, nabarmentzekoak dira, beste batzuen artean, Herri Kirolarekin erlazionatutakoak. "Horien bitartez, Elgoibarrek Europako kulturen artean zaharrenetarikoa den, gure euskal kulturaren, zati garrantzitsu bat erakutsi du Europan". Halaber, egitarauaren barruan bestelako hitzaldi, erakusketa, jardun kultural, eta abar egin dira. “Urtean zehar Elgoibar herri bizia dela erakutsi dugu, baita elkarteen artean erlazio oso ona dagoela eta herritarrek jarrera aktiboa eta kreatibitatea dutela ere” adierazi dute udaletik.

Ildo berean, azpimarratu dute elgoibartarrek eurena sentitu dutela sari hau, eta kirolak udalerrian duen garrantzia bistaratu dela; ACESek sustatu nahi duen espiritu bera azpimarratuz, hain zuzen ere: borondatezko lanaren bidez kirolak erakusten duen gizarte- eta hezkuntza-funtzioa sustatzea.
"Ziur gaude kirolak gizartearen kohesioa errazten duela eta hezkuntza, osasuna, integrazioa eta gizarteratzea sustatzeko tresnarik onena dela" adierazi du Ramon Mugica Kiroletako Udal Patronatuko zuzendariak. Hori dela eta, “ACESek 2018aren amaieran eman zigun sariaren merezidun izatea espero dugu. Urte osoan zehar horretan jarri baitugu, hain zuzen ere, gure ilusio osoa. Azkenik, Elgoibarren jarritako konfiantzagatik eskerrak ematea besterik ez zaigu geratzen" gehitu du.
Elgoibarko Udalak herriko kirol talde eta elkarteek egindako lana aitortu nahi du eta eskerrak eman baita. “Sari kolektiboa da hauxe, hori dela eta Elgoibarko herritar guztiak zoriondu behar ditugu, saria denona baita, guztiok merezi eta irabazi dugu” baieztatu dute Udaletik.

2019 10 21 2019 06 18 2019 02 05 elgoibar kirolaren europako herri 2019 egitaraua aurkezpena m

2019 10 21 europako kirol herri onena elgoibar aces ordezkariekin

∞Lotura duten albisteak: