Iker Izagirre federazioaren teknifikazio entrenamenduetan parte hartzeko aukeratuen artean

Barren.eus 2019ko urr. 16a, 19:15

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak teknifikazio entrenamenduak antolatzen ditu, probintzian nabarmentzen diren pilotari gazteei entrenamendu tekniko pertsonalizatua emateko. Hautatu dituzten pilotarien artean da Iker Izagirre elgoibartarra.

 Gipuzkoako 24 klubetako 103 pilotarik eman zuten izena, 60 infantil eta 43 kadete. Irailaren 18an, 25ean eta urriaren 2an hautaketa entrenamenduetara deituak izan ziren, eta federazioak ondoren osatu zuen pilotarien behin betiko zerrenda. Infantil kategorian hautatu zituzten 35 pilotarien artean dago Iker Izagirre elgoibartarra, Lagunak Pilota Eskolako kidea. Deba eta Urola bailaretako pilotariek Urrestillan (Azpeitia) egingo dituzte entrenamendu saioak, Beñat Rezusta pilotari profesionalaren aginduetara.
Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak (GEPF) sustatutako egitasmo honek pilotariei entrenamendu tekniko pertsonalizatua ematea du xede. 2014-15 denboraldian jarri zuten martxan, eta urtero harrera "bikaina" izaten duela nabarmendu dute.

Azken urteetan Alex Bergua elgoibartarak ere parte hartu izan du teknifikazio entrenamenduetan.

∞Lotura duten albisteak:

2019 10 16 ikerizagirre pilotaria