Hawaiiko ironmana bukatzea lortu du Ibon Gabilondo triatleta elgoibartarrak

Barren.eus 2019ko urr. 15a, 18:38

Munduko Triatloi Txapelketa jokatu zuten domekan ironman proben sorlekuan, Hawaiin (AEB). Ibon Gabilondok (Elgoibar, 1977) estreinakoz hartu zuen parte proba ospetsuan eta 11 ordu eta 32 minutu behar izan zituen proba bukatzeko.

 Hawaiiko ironmanaren 41. ekitaldia jokatu zuten, urriaren 13an, Kailua-Konan (Hawaii, AEB). Ironman distantziako Munduko Triatloi Txapelketa ere bada Hawaiikoa, eta haatik munduko triatloilaririk onenak batu zituen proba entzutetsuak. 3,8 kilometro igerian, 180 kilometro bizikletaz eta 42 kilometro korrika egin behar zituzten. Triatloilari profesionalen artean bi alemaniar izan ziren azkarrenak. Jan Frodeno gailendu zen gizonezkoetan, eta munduko errekorra ezarri zuen gainera, 7:51.13ko denbora eginda. Emakumezkoetan Anne Haugek irabazi zuen (8:40.10).

 • Proba bukatzea, Ibon Gabilondoren helburua
Ibon Gabilondok 11 ordu, 32 minutu eta 25 segunduko denbora eginda amaitu zuen ironmana, eta 219. postuan sailkatu zen bere adin tartean (40-44 urte). Bere lehen parte hartzea izanik, proba bukatzea zen Gabilondoren helburu nagusia. Eta, zailtasunak eta krisialdiren bat pasa arren, lortu zuen helmugaraino ailegatzea. Aitortu duenez, urria ez da berarentzako ironman bat egiteko urteko sasoirik aproposena, entrenamenduak, lana eta familia uztartzeko zailtasun handiagoak baititu. Hori dela eta, iraila gogorra egin zitzaion nahi zuen moduan entrenatzeko, eta zalantza apur batzuekin iritsi zen Hawaiira. "Lan dezente eduki dut irailean eta urduri xamar ibili nintzen. Horregatik, Hawaiira ailegatzean proba bukatzea eta ahal nuen neurrian probaz gozatzea zen nire buruari jarri nion helburua", azaldu du. Hara heldu eta hango eguraldia ikusita kezkak areagotu zitzaizkion. "Bero eta hezetasun handia dago, baldintza oso gogorrak halako kirol proba baterako, eta larritu egin nintzen pixka bat", azaldu du.

 • Deshidratazioa korrika
Hawaiiko ironmanaren inguruan muntaia ikaragarria dagoela dio Gabilondok, "oso amerikanoa dena". Triatloilari profesionalak irteten dira lehenengo, eta gainerakoak gero. Igerian egin beharreko zatia luze egin zitzaion arren, uretatik ondo irten zela dio. "Entrenamendu falta izan arren, gutxien antzematen den kirola izaten da igeriketa, eta nahiko ondo atera nintzen uretatik". Ordu batean osatu zuen uretako ibilbidea. Bizikleta gainean egin beharreko 180 kilometroetarako estrategia "oso kontserbadorea" hartu zuen. "Jende askok pasatu ninduen eta edan eta edan pasa zuen proba guztia, egiten zuen beroagatik. Postu asko galdu nituen, hasieran nire adineko jendeak pasatu ninduen, igerian nirekin batera hasi zirenek-eta, gero ni baino bost minutu beranduago irten ziren gizonek hartu zidaten aurrea, eta zenbait emakumek ere bai, ni baino hamar minutu beranduago irtendakoak. Munduko txapelketa bat da hau eta igartzen da. Ikaragarrizko maila zegoela iruditu zait". Bizikletako ibilbidea bost ordu eta 38 minutuan osatu zuen. Proba bukatzeko maratoi bat korrika egitea falta zitzaion. Ondo hasi zen arren, berehala nabaritu zituen beroaren eraginak. "Hamaseigarren kilometro inguruan krisialdi nahiko gogorra pasa nuen, deshidratatuta nabari nuen gorputza, gatz mineralak falta zitzaizkidan. Oinez hasi nintzen. Gatza hartu eta berriro korrika hasi nintzen. Asko sufritu nuen korrika, espero nuena baino askoz gehiago, baina bukatzea lortu nuen. Helburua lortuta". Lau ordu eta 42 minutuan egin zuen maratoia.
Triatloiaren munduan mitikoa den proban parte hartzea, eta Munduko Txapelketa izanik gainera, esperientzia guztiz postiboa izan da Gabilondorentzat, eta are gehiago jakinda oso jende gutxik duen aukera dela. Bere bizitzan osatu duen hirugarren ironman proba izan da, eta azken biak lau hilabeteko tartean egin ditu. Atseden txiki bat hartzea tokatzen dela esan du.

2019 10 13 ibon gabilondo ironman hawaii korrika elgoibar

2019 10 13 ibon gabilondo ironman hawaii helmuga

2019 10 13 ibon gabilondo ironman hawaii dominagaz

∞Lotura duten albisteak