Mugertza krosean aritutako atletek urrezko lau domina irabazi dituzte Dohan, Munduko Atletismo Txapelketan

Barren.eus 2019ko urr. 8a, 09:57

Juan Muguerza Nazioarteko kroseko antolatzaileak "pozik" eta "harro" sentitzen dira Elgoibarren inoiz antxitxika egindako atletek Munduko Atletismo Txapelketan lortu dituzten emaitzekin. Urrezko lau domina irabazi dituzte Mugertzan parte hartu izan duten lau atletek.

 Jokatu diren Munduko Atletismo Txapelketa guztietako emaitzak kontuan hartuta, Mugertza krosean parte hartu izan duten atletek 31 urrezko domina irabazi dituzte guztira.
Dohan (Qatar) jokatu duten 2019ko Munduko Atletismo Txapelketan muturreko beroa izan da protagonistetako bat, baina, hala ere, kirol maila oso ona izan da. Nabarmendu diren atleta dezente pasa dira Elgoibartik. Horiek lortutako arrakastekin pozik daude Mugertza kroseko antolatzaileak, euren lana begi bistan jartzen dutela adierazi baitute. "Eskerrak eman nahi genuke, hau posible egiten duten erakunde, babesle, laguntzaile, hedabide eta nola ez, Elgoibarko herriari", esan dute. Hona Elgoibartik pasatako atletek lortutako emaitzak:

  • Urtarrilean 2019ko Mugertza krosa irabazi zuen Hellen Obiri keniarrak Munduko Kros Txapelketa irabazi zuen martxoan Danimarkan, eta 5.000 metrotako lasterketa irabazita, Munduko Txapeldun izatea lortu du orain Dohan, munduko txaelketetako markarik onena ezarriz.
  • Beatrice Chepkoech keniarrak hirugarren postua lortu zuen urtarrilean Mintxetan eta 3.000 metro oztopoetako lasterketa irabazi du orain Qatarreko txapelketan. Probako munduko errekorra dauka Chepkoech-ek eta munduko txapelketetako marka ondu du Dohan jokatutako finalean.
  • Conseslus Kipruto keniarrak behin baino gehiagotan hartu du parte Mugertza krosean -2013koa berak irabazi zuen-, eta urrezko domina irabazi du Dohan, 3.000 metro oztopoetako lasterketan. Kiprutok helmuga marran hartu zion aurrea Lamecha Girma etiopiarrari, 'foto-finishean" erabaki zen garaipena eskuratuz (beherago azken metroetako bideoa). Hala, 2017an Londresen jokatutako Munduko Txapelketan irabazitako tituloari eutsi dio Kiprutok.
  • Joshua Cheptegei ugandarrak, 2017ko Mugertza kroseko irabazleak, urrezko domina irabazi du Qatarren, 10.000 metroko lasterketan. Proba horretan brontzezko domina eskuratu zuen Rhonez Kiprutok, aurtengo Mugertza kroseko irabazleak. Cheptegeik, Obirik moduan, urte borobila osatu d aurten, Munduko Kros Txapelketa ere irabazi baitzuen Danimarkan.
  • Selemon Barega etiopiarrak, 2018ko Mugertza kroseko irabazleak, zilarrezko domina lortu du 5.000 metroko lasterketan.
  • Agnes Tirop keniarrak, 2018ko Mugertza kroseko txapeldunordeak, brontzezko domina irabazi du 10.000 metroko lasterketan, bere marka pertsonala onduz gainera.