Egañatarrak podiumera igo dira berriro, Gipuzkoako Ehiza Xehe Txapelketan oraingoan

Barren.eus 2019ko urr. 7a, 18:23

Gipuzkoako Ehiza Xehe Txapelketa jokatu zuten atzo Arabako Zanbrana herrian. Leire Egañak lortu zuen txapela emakumezkoetan eta bigarren postuak eskuratu zituzten Arkaitz eta Jose Mari Egaña aita-semeek, nagusien eta beteranoen mailan, hurrenez hurren.

 La Union ehiza eta arrantza elkarteko bost kidek eta Mendaroko Kilimon Zahar elkarteko batek hartu zuten parte 2019ko Gipuzkoako Ehiza Xehe Txapelketan, Zanbranan. Bidasoa ACP elkarteko Luis Iriarte gailendu zen gizonezketan, bost eper ehizatuta eta 2755 puntu pilatuta. Arkaitz Egaña elgoibartarrak gertu izan zuen garaipena, Iriartek baino 50 puntu gutxiago bakarrik batu baitzituen, honek ere bost eper ehizatuta. La Union elkarteko beste bi ordezkarien emaitzei dagokionez, Iraitz Txurruka 13. postuan sailkatu zen, eta, aurtengo Debabarreneko Ehiza Xehe Txapelketa irabazi zuen Iban Bello Serna azken postuan sailkatu zen oraingoan.
Emakumezkoetan parte hartzaile bakarra izan zen, Leire Egaña, eta berak jantzi zuen txapela, eper bat eta bi galeper ehizatuta.
Ehiztari beteranoen artean, eskualdeko txapelketa irabazi zuen Jose Luis Gisasola eibartarrak lortu zuen lehen postua. Diana elkarteko ehiztariak sei eper eta faisai bat ehizatu zituen. Jose Mari Egaña sailkatu zen bigarren postuan, lau eper eta galeper bat ehizatuta. Mauro Gonzalez mendaroarra zortzigarren postuan sailkatu zen.

2019 10 06 gipuzkoa ehiza xehe txap egaatarrak sariegaz elgoibar

2019 10 06 gipuzkoa ehiza xehe txap ehiztariak leireegaa elgoibar

∞Lotura duten albisteak