Markel Bergarak meniskoa hautsi du eta zenbait hilabete eman beharko ditu zelaietatik kanpo

Barren.eus 2019ko urr. 4a, 08:00

Min hartu du berriro ere Markel Bergara futbol jokalari elgoibartarrak. Hainbat lesioren ondorioz, partida gutxi jokatu ditu Getaferekin 2017tik hona. Zorigaiztoko bolada atzean lagatzekotan zegoela zirudien orain, baina, eskuin hankako kanpoko meniskoa hautsi zuen martitzenean, entrenamendu batean.

 

Meniskoa hautsi eta biharamunean, eguaztenean, operatu zuten Markel Bergara (Elgoibar, 1986), Getafe F.C. taldeko erdilaria. Taldeak jakinarazi duenez, ondo irten zen Eulogio Martin Buenadicha doktoreak eginiko operazioa. Hiru edo lau hilabete inguru beharko ditu guztiz osatu eta berriro lehiaketara itzultzeko. Lesioen zorigaiztotik irteten ari zela zirudien Bergarak, Athleticen eta Alavesen aurka minutu batzuk jokatu baitzituen Ligako bigarren eta hirugarren jardunaldietan. Asteburu honetan gainera, Realaren aurka jokatu behar zuen Getafek Donostian, baina elgoibartarrak ez du bere talde ohiaren aurka jokatzeko aukerarik izango.
Markel Bergara 2017/2018 denboraldian joan zen Madrilgo Getafe taldera, Realean hogei urte egin eta gero, baina lesioen ondorioz ez du jarraian jokatzeko aukerarik izan. Hasierako 15 jardunaldietan jokalari garrantzitsua izan zen Bergara Bordalas entrenatzailerentzat. 2017ko abenduan, baina, eskuin hankako kanpoko meniskoa apurtu zuen, Eibar taldearen aurkako neurketan. Berriro itzuli zenean ezkerreko oineko bosgarren metatarsoan hartu zuen min. Lesio horretatik osatzen ari zela sudurra ere hautsi zuen, eta Mendizorrotzan Alavesen aurkako partidan hankako lesioa berritu zitzaion. Joan den udan, denboraldi aurreko partida bat jokatzen ari zela, humeroa hautsi zitzaion eta Ligako lehen zazpi jardunaldiak galdu zituen. Bueltatu zenean, ezker zangoko muskulu bikian min hartu zuen. 2018ko urrian humeroko haustura berritu zitzaion eta operatu egin zuten. Lau hilabetean egon zen zelaietatik kanpo. Errekuperatu eta deialdietan sartzera ailegatu zen arren, ezin izan zuen denboraldi amaieran taldearekin egon, arazo muskular batzuen ondorioz. Meniskoa apurtzea izan da Bergararentzako azken ezbeharra.

2019 10 04 markel bergara getafe cf