Mikel Gurrutxaga: “Futbolak eramaten nauen lekura joango naiz”

Barren.eus 2019ko urr. 3a, 19:14

Mikel Gurrutxaga Barruetabeña (Elgoibar, 1996) Tallinen bizi da, Estoniako hiriburuan, eta hango Paide Linnameeskond futbol taldean jokatzen du, lehenengo mailan. Futbolari profesionala da, eta futbola du ogibide eta pasio.

Umetan hasi zen Mikel Gurrutxaga elgoibartarra futbolean C.D. Elgoibarren, eta berehala fitxatu zuen S.D. Eibar taldeak. Hamabi bat urte egin zituen talde armaginean, eta handik Amurriora joan zen jokatzera. Han zegoela, Alavesek Finlandiako JS Hercules taldea erosi zuen, eta hara joateko aukera eskaini zieten taldekide batzuei. Ez zuen birritan pentsatu: maleta egin eta Finlandiara abiatu zen. Mailaz igotzea zuten helburu, eta ez zuten lortu, baina berak defentsa onenaren saria jaso zuen, eta horrek Estoniarako bidea zabaldu zion. Gaur egun Estoniako Paide Linnameeskond futbol taldean jokatzen du, lehenengo mailan. Futbolaz eta Euskal Herritik kanpo egin duen bizimoduaz berba egin du BARRENek Gurrutxagarekin.

2019 10 03 mikel gurrutxaga futbolaria elgoibar paide linnameeskond estonia

 • Futbolak eraman zaitu atzerrira, Finlandiara lehenik eta orain Estoniara. Nola iritsi zara horra?
Gasteizen ikasten ari nintzela, Amurrio taldean jokatzen nuen. Urte hartan Alavesek nazioarteko proiektu bat jarri zuen martxan, eta horren barruan Finlandiako futbol talde bat erosi zuen. Euskal Herriko eta Espainiako hainbat jokalariri egin ziguten hara joateko eskaintza, eta gehiegi pentsatu gabe, baietz erantzun nuen.

 • Zein helburu zenuten Finlandiako taldean?

Urtebeterako eskaintza egin ziguten, eta pentsatu nuen esperientzia ona izango zela, bai futbolari dagokionean eta baita maila pertsonalean ere. Denboraldi oso polita izan zen, eta gauzak oso ondo joan zitzaizkidan. Talde bezala ez genuen lortu Alavesek jarritako helburua: 2.B mailan zegoen taldea, eta mailaz igotzea zen helburua, baina postu bategatik ez genuen lortu. Alavesek orduan Finlandiako taldearekin zeukan akordioa etetea erabaki zuen. Bere nahia zen urtetik urtera mailaz igotzen joatea, lehen mailako talde profesionala sortzeko, baina ez genuen lortu. Nik, baina, denboraldi ona egin nuen eta ligako defentsa onenaren saria eman zidaten. Sari horrek eman zidan hurrengo denboraldian Estonian jokatzeko aukera.

2019 10 03 mikel gurrutxaga futbolaria elgoibar finlandiako taldeagaz

 • Eta gehiegi pentsatu gabe, berriz ere maleta egin eta Estoniara joan zinen. Zer eskaintza egin zizuten?
Tallinen nago jokatzen, Estoniako lehenengo mailako talde batean. Talde profesionala da, eta futboletik bizitzeko aukera eman dit. Talde oso serioa da, eta oso gustura nago. Orain arte sailkapen erdian ibili izan da taldea, baina aurten jokalari oso onak fitxatu dituzte eta oso ondo gabiltza. Sailkapeneko goiko postuetan gaude, eta oraindik badaukagu aukera liga irabazteko. Hamar talde gaude guztira ligan, eta talde bakoitzaren kontra lau aldiz jokatzen dugu, bestela txapelketa oso motza izango litzatekeelako. Udako liga moduko bat jokatzen dugu, hemen neguan ezin delako futbolean jokatu.

 • Liga irabazteak Europa League jokatzeko aukera emango lizuke?
Ligako irabazleak Txapeldunen Liga jokatzeko sailkapen fasea jokatuko luke, eta bigarren eta hirugarren sailkatuek eta Kopako irabazleak, berriz, Europa League jokatzeko sailkapen fasea. Normalean, ligako hiru lehenengoetako batek irabazten du Kopa ere, beraz, laugarren sailkatuak ere izango luke Europa League txapelketarako sailkapen fasea jokatzeko aukera. Hiru fase izaten dira, eta ez da erraza izaten irabaztea. Espainiako Ligan zazpigarren sailkatuak jokatzen du fase hori, eta han bi kanporaketa gainditu behar izaten dira txapelketa jokatu ahal izateko.

 • Txapeldunen Liga edo Europa League jokatzea lortuko bazenute, Espainako Ligako talderen baten kontra jokatzeko aukera izango al zenuke?
Bai, tokatu daiteke. Esperientzia oso polita izango litzateke niretzat. Taldea edozein izanda ere, maila handiko taldea izango litzateke, eta horrek ilusio handia egiten du. Gainera, betidanik ezagutzen dudan talderen bat izango litzateke.

 • Nola bizi dute futbola Estonian?
Hemengo ligak eta Espainiakoak ez dute zerikusirik. Espainiako Ligako lehenengo maila eta Estoniakoa oso desberdinak dira, eta Estoniako futbola eta Espainiakoa ezin dira konparatu, ez zaletasunari dagokionean, ezta ekonomiari dagokionean ere. Ez daukate inongo antzik. Hemengo Ligako onenek Espainian bigarren mailan edo jokatuko lukete; sailkapen erdian dabiltzanak 2B mailakoak edo izan daitezke, eta azken postuetan dabiltzanak, berriz, hirugarren mailakoak. Estonian oso desberdin bizi dute futbola. Kulturalki ere ez dauka Espainian daukan pisua. Espainian futbola da kirol nagusia, eta medioek ere futbolari eskaintzen diote tarte handiena, baina hemen futbola ez da horren garrantzitsua. Une honetan, adibidez, auto rallya indarra hartzen ari da, munduko txapelduna estoniarra delako. Bestela, ez dakit zein kirol den hemen nagusiena, futbola bera izan daiteke, baina ez Espainiako indarrarekin. Hemen Espainiako eta Inglaterrako ligak jarraitzen dituzte askok, baina oso kultura desberdina da, eta ez dira Espainian bezalako fanatikoak. Espainian jendeak asko hitz egiten du futbolari buruz lagunartean, baina hemen ez.

 • Zuk futbola nola bizi duzu? Zer da zuretzat futbola?
Futbola nire pasioa da. Umetan hasi nintzen futbolean jokatzen, eta nire ametsa futbolari izatea zen. Futboletik bizi nahi nuen, eta atzerrian lortu dut nire ametsa betetzea. C.D. Elgoibarren hasi nintzen futbolean. Bi urte egin nituen han, alebinetan eta infantiletan jokatzen, eta gero Eibarrek fitxatu ninduen. Eibarren hamar bat urte egin nituen, eta bigarren taldera iritsi nintzen. Eibar ordurako lehenengo mailan zegoen, eta talde nagusiarekin ere entrenatu nuen denboraldi-aurrean. Partida batean belauna apurtu nuen, eta lesio haren ondorioz, nire egoera asko aldatu zen. Lehenengo mailan jokatzea gertu ikusten nuen, eta ilusio handiz nengoen. Egia da nahiz eta entrenatzera iritsi, gero askok ez dutela lortzen lehenengo mailan debutatzea, baina nik baneukan ilusio hori. Hala ere, gauzak ez ziren nik nahi bezala irten Eibarren. Gero Amurrion jokatzen egon nintzen urte erdiz, Finlandiako aukera suertatu zen arte. Finlandian berreskuratu nuen berriz nire jokoaren maila, eta konfiantzaz jokatzen hasi nintzen berriro. Belauneko lesioa, zorionez, ahaztuta daukat, eta oso gustura nago hemen. Finlandian hasi nintzen berriz futbola lanbide bezala ikusten, eta ez naiz damutzen atzerrira joateko erabakia hartu izanaz. Amurrion jokatzen nuenean futbola ez nuen ikusten profesionaltasunez, gehiago zen afizio bat. Atzerrian eman didate futbola preofesionaltasunez bizitzeko aukera, eta oso pozik nago hartutako erabakiarekin. Esperientzia oso aberasgarria ari da izaten.

 • Futbolari lotutako blog bat ere badaukazu: futbolistafrustrado.com. Zer jasotzen duzu bertan?
Bai, iaz jarri nuen martxan. Futbola niretzat hezitzaile emozionala ere izan da, hau da, pertsona bezala garatzen eta hezten lagundu dit eta uste dut erreminta oso baliagarria dela pertsonen garapenerako. Nire ikuspegia eta esperientziak jasotzen ditut blogean.

 • Atzerrira joan aurretxoan triatloi taldea jarri zenuten martxan Elgoibarren. Zertan da proiektu hura?
Lagun batekin jarri genuen martxan proiektu hura, kirol minorizatuei ere lekua egiteko. Futbolak eta eskubaloiak babes handia daukate Elgoibarren, baina bestelako kirolak ere sustatu behar dira, eta horretan lan handia dago oraindik egiteko. Triatloi taldean jende gutxi dago momentuz, baina taldea hor dago behintzat, eta horri esker triatloiak egin nahi dituen herritar batek Elgoibarko taldearen izenean lehiatzeko aukera dauka. Nik ez dut oraindik triatloirik egin, baina futbola uzten dudanean seguru egingo dudala bateren bat.

 • Tallinen bizi zara, 400.000 biztanle dituen Estoniako hiriburuan. Nolakoa da hango bizimodua?
Bizimodu lasaia daukat nik hemen, eta futbolaren bueltan bizi naiz. Astean zehar entrenatzera joaten naiz, eta asteburuan partidak izaten ditut. Tallin ez da horren hiriburu handia, eta lasai bizi naiz. Jendea Euskal Herrian baino hotzagoa da, eta harremanak ez dira horren estuak. Orain nire bikotekidea etorri da. Ikasketak bukatu ditu eta nirekin bizitzera etorri da. Ordu asko pasatzen ditut berarekin eta horrek asko laguntzen du.

 • Noiz arte ikusten duzu zure burua Estonian futbolean jokatzen?
Ez dakit. Aspektu horretan ez daukat inolako helburu finkorik. Ez dut pentsatu etxera itzuliko naizen, hemen jarraituko dudan edo beste herrialderen batera joango naizen. Aurten denboraldi oso ona egiten ari naiz, eta agian datorren urtean beste ateren bat irekiko zait. Momentuz beste urtebeterako kontratua daukat hemen, eta lanean jarraituko dut. IVEF ikasketak amaitzeko gradu amaierako lana falta zait, eta hori ere bukatu nahiko nuke aurten, horrek ere lagunduko didalako ate berriak zabaltzen. Nik nahi dudana da futbolaz gozatzea eta hontaz bizitzen jarraitzea, eta une honetan ez zait asko inporta non. Futbolak eramaten nauen tokira joango naiz.


 • Zeren falta igartzen duzu Estonian?
Gauza asko, baina, batez ere, lagunartean eta familian egoteko daukagun kultura. Euskal Herrian lagunek eta familiak pisu handia hartzen dute, eta hemen ez. Hemen ez dago kuadrilla girorik, eta niri gustatzen zait lagunekin irtetea. Hemengo jendea hotzagoa da, eta ez dago kaleko girorik. Ez nago gaizki hemen, lasai bizi naiz, baina tarteka jaleo pixkat gustatzen zait.

2019 10 03 mikel gurrutxaga futbolaria elgoibar juanjo aitagaz tallin