Iban Gonzalezek irabazi du Araba Challenge probako sailkapen nagusia, Master 30 mailakoen artean

Barren.eus 2019ko urr. 2a, 09:14

Artziniegako VII. Master Saria jokatu zuten zapatuan, Araba Challenge txirrindulari lasterketako azkenengo etapa. Iban Gonzalez elgoibartarra izan zen azkarrena Master 30 mailan, eta sailkapen nagusian ere lehen postua eskuratu du.

 Araba Challenge txapelketako lehen lau etapak jokatu eta gero, Master 30 kategoriako lider ailegatu zen azken etapara Iban Gonzalez (Gobike). Artziniegako VII. Master Saria izan zen bosgarren eta azken etapa. Txirrindulariak 71 kilometroko ibilbidean lehiatu ziren eta Iker Eskibel (Dorletako Ama) eskoriatzarra izan zen azkarrena, Elgoibarko San Pedroko Igoerako errekorraren jabea, hain zuzen ere. Eskibelek ordu bat, 45 minutu eta 21 segundoan osatu zuen proba. Luis Mari Urizar (Irrintzi) sailkatu zen bigarren postuan, Eskibelengandik 12 segundora. Gobike taldeko Iban Gonzalez elgoibartarra seigarren postuan sartu zen helmugan, irabazleagandik 49 segundora. Gonzalez, baina, azkarrena izan zen Master 30 mailakoen artean (ikus Artziniegako probako sailkapena -PDF-).

Honenbestez, sailkapen nagusiko lehen postuari eutsi zion Iban Gonzalezek, eta bera da Araba Challenge lasterketako irabazlea, bere adin tartean, Master 30 kategorian..

∞Lotura duten albisteak:

2019 09 28 artziniega lasterketa araba challenge iban gonzalez