Ainhoa Lendinezek hirugarren egin zuen Gorbeia Suzien Kilometro Bertikalaren estreinako ekitaldian

Barren.eus 2019ko ira. 29a, 13:41

Gorbeia Suzien Ternua mendi lasterketa indarberrituta itzuli da aurten, iaz atseden hartu ostean. Lehen aldiz Kilometro bertikala antolatu dute, eta emaitza onak lortu zituzten Ainhoa Lendinezek eta Iñigo Larizek, barikuan jokatu zuten proban. Gaur, berriz, lasterketa luzea (31 km.) jokatu dute eta Maite Maiorak laugarren egin du.

 Bariku arratsaldean jokatu zuten estreinakoz Gorbeia Suzien Kilometro Bertikala, 150 korrikalariren parte hartzearekin. Zeanuritik San Justora lasterketa neutralizatua zen, eta puntu horretan hasten zen erlojuaren kontrako lehia. Helmuga, berriz, Lekandako tontorrean zegoen, 1.309 metrora. Gizonezkoetan Antonio Alvcalde iza zen 4,2 kilometroko ibilbidea osatyzen azkarrena, 37 minutu eta 26 segundoko denborarekin. Imanol Goñi (37:30) sailkatu zen bigarren postuan eta Xabier Macias eta Iñigo Lariz sailkatu ziren hirugarren eta laugarren postuetan, hurrenez hurren, biak denbora berbera eginda: 38 minutu eta 30 segundo.
Emakumezkoetan Yngvild Kaspersen norbegiarra gailendu zen 43 minutu eta 20 segunduko denborarekin. Andrea Garayk (44:44) egin zuen bigarren eta Ainhoa Lendinez (46:51) sailkatu zen hirugarren postuan. Lendinez oso pozik dago lortutako emaitzarekin. "Ezin nuen sinistu zegoen mailarekin hirugarren postua lortu izana. Aurreko asteburuan Aralarren jokatutako kilometro bertikalean baino askoz hobeto sentitu eta ibili nintzen", azaldu du. Lagun berezi batek indarra eman ziola nabarmendu nahi izan du antxitxikari elgoibartarrak: "Gotzon Idirini esker hartu dut parte lasterketan. Berak sortu zuen Gorbeia Suzien lasterketa, Zeanuri herria biziberritzeko. Seme bat modukoa da harentzat lasterketa hau. Horregatik, berezia izan da niretzako lasterketa hau".

2019 09 29 ainhoa lendinez gorbeia suzien arg jabi artaraz

•Maiora laugarren 

Lasterketa luzeari dagokionez, 600 parte hartzaile lehiatu dira, gaur, 31 kilometro eta 2400 metroko desnibel positiboa zuen ibilbidean, Gorbeiako Parke Naturalean barrena. ISF Spain-Andorra Series zirkuituko seigarren eta azken proba izan da. Aritz Egea izan da azkarrena gizonezkoetan eta kilometro bertikalean moduan, Yngvild Kaspersen gailendu da emakumezkoetan, 2016ko Zegama Aizkorri mendi maratoiko irabazlea, hain zuzen ere. Norbegiarrak hiru ordu eta 34 minutuan bukatu du proba. Andrea Garay (3:53:46) eta Maria Zorroza (3:55:51) sailkatu dira bigarren eta hirugarren postuetan, hurrenez hurren. Maite Maiora mendaroarrak egin du laugarren, 4:08.28ko denbora eginda (ikus sailkapenak). Eta hori, duela egun gutxi mastin arrazako txakur batek hozka egin ziola Maiorari, bere sare sozialetan argazki eta guzti jakinarazi zuen moduan. 

Informazio osoagoa: gorbeiasuzien.eus

2019 09 29 gorbeia suzien emak podiuma lasterketak