June Loidi: “Iazko June baino apur bat hobea izatea da aurtengo helburua"

Barren.eus 2019ko ira. 27a, 08:35

June Loidi (Elgoibar, 2000) zeresana ematen ari da eskubaloian. Sanlon ezagutu zuen eskubaloia, eta iaz Barakaldoko Zuazo taldeak fitxatu zuen. 19 urte besterik ez ditu, eta eskubaloiko gorengo mailara iritsi da. Eta ez hori bakarrik: Denboraldi amaieran Guerreras Iberdrola ligako defentsa onenaren saria jaso zuen. Ilusioz eta gogotsu ekin dio lehenengo mailako bigarren denboraldiari.

 -Noiz eta nola hasi zinen eskubaloian jokatzen?
Elgoibarko ume guztiak bezala. Eskolaz kanpoko ekintzen artean ballet-a, musika edo kirola izaten genuen aukeratzeko, eta nik eskubaloia aukeratu nuen. Kiroldegira joaten ginen seniorren partidak ikustera, eta gustatzen zitzaidan. Sanlon hasi nintzen, eta badirudi aukeraketa ona egin nuela.

- Iaz jaso zenuen Zuazoren deia. Zerk animatu zintuen Sanlo utzi eta ohorezko mailara jauzi egitera?
Sanloko entrenatzaileak animatu ninduen, batez ere. Esan zidan lehenengo mailan jokatzeko prestatuta ikusten ninduela eta Zuazorena oso aukera ona zela. Berak nigan konfidantza osoa zuela esan zidan, eta behar nuen guztian lagunduko zidala. Pausoa ematea erabaki nuen.

-Jubeniletatik lehenengo mailarako jauzia egin duzu. Nolakoa izan da egokitzapena?
Hasieran gogorra egin zitzaidan. Munduko txapelketa jokatzetik iritsi nintzen zuzenean Barakaldora, eta ordurako taldea osatuta zegoen. Hilabete zeramatzaten elkarrekin entrenatzen ni iritsi nintzenerako, eta taldea egina zegoen. Banekien jubeniletatik lehenengo mailarako aldaketa handia izango zela, baina uste nuena baino handiagoa izan zen. Hasieran oso galduta ikusten nuen nire burua, ez nengoen integratuta, eta taldeak ondo funtzionatzeko ezinbestekoa da jokalari guztiak bat eginda egotea. Taldekideen eta entrenatzailearen laguntzari esker lortu nuen taldean nire lekua aurkitzea. Konfidantza osoa eman zidaten, eta behin taldean sartuta, denboraldiaz gozatzeko aukera izan nuen.

2019 09 26 june loidi eskubaloia elgoibar zuazo imh

∞Lotura duten albisteak: