Iban Gonzalezek lider jarraitzen du Araba Challenge probako erlojuaren kontrakoa irabazita

Barren.eus 2019ko ira. 25a, 09:28

Araba Challenge txirrindularitza probako laugarren etapa jokatu zuten asteburuan Murgian, erlojuaren kontrako saioa. Ramon Garcia (Bodegas Mazuela) elgoibartarrak sailkapen nagusiko bigarren postua lortu zuen, eta Master 30 kategoriako azkarrena izan zen Iban Iban Gonzalez (Gobike).

 Murgian hasi eta bukatzen zen 15,2 kilometroko erlojuaren kontrako saioan lehiatu ziren txirrindulariak joan den zapatuan, irailaren 21ean. Arabako Challenge txirrindularitza probako laugarren etapa zegoen jokoan, eta Carlos Palacios (Bobruc Oil) izan zen guztietan azkarrena, 20 minutu eta 37 segundoko denbora eginda. Bodegas Mazuela taldean diharduen Ramon Javier Garcia elgoibartarra sailkatu zen bigarren postuan, irabazlearengandik 26 segundora. Gobike taldeko Iban Gonzalez sailkapen nagusiko seigarren postuan sailkatu zen, 21:47ko denborarekin. Gonzalezek Master 30 mailakoen artean denborarik onena egin zuen.

Araba Challengeko lau etapa jokatu eta gero, bere adin tartekoen artean lider dago Iban Gonzalez (ikus sailkapen nagusia -PDF-). Ramon Garcia, berriz, Master 40 mailako sailkapen nagusiko seigarren postuan dago. Araba Challengeko azken etapa jokatuko dute datorren asteburuan, Artziniegan.

2019 09 22 iban gonzalez gobike elgoibar podium murgia

2019 09 21 ramon garcia murgia erlojuarenkontra oscar oliva perez