Iban Muruak irabazi du Uharte-Berian kilometro bertikala

Barren.eus 2019ko ira. 23a, 13:00

Sasoi betean dago Iban Murua. Intza-Ttutturre kilometro bertikala irabazi zuen irailaren 14an; eta, atzo, XI. Uharte Arakil-Beriain lasterketan gailendu zen, bigarren urtez jarraian. Ainhoa Lendinezek seigarren egin zuen emakumezkoetan.

 Uharte Arakilgo frontoitik (471 m) irten ziren XI. Uharte Arakil-Beriain igoera bertikalean parte hartu zuten 200 mendi lasterkariak. Beriaingo San Donato ermitaraino (1494 m) igo behar zuten. Bost kilometroko ibilbidean 1.023 metroko desnibela gainditu behar zuten, eta azken metroetan zuten gogortasunik handiena, San Donato baselizara ailegatzeko azken maldak bereziki gogorrak baitira. %70eko portzentaia gainditzen dute aldapa batzuek, eta eskuak erabili behar dituzte parte hartzaileak. Iaz jokatutako lasterketan moduan, Iban Murua elgoibartarra izan zen azkarrena, 42 minutu eta 7 segundoko denbora eginda (iaz 40:37an igo zuen). Aitor Osa itziartarrak dauka probako errekorra: 39:54 (2015ean ezarri zuen). Alain Santamaria errioxarra sailkatu zen bigarren postuan, 43:11ko denbora eginda, irabazlearengandik minutu bat eta lau segundora. Igoera bertikalen Nafarroako txapelduna, Mikel Beunza (44:34) sailkatu zen hirugarren postuan.
Emakumezkoetan, Ainhoa Sanz urretxuarra izan zen azkarrena (47:54). Andrea Garay (51:56) gasteiztarrak egin zuen bigarren eta Maite Etxezarret azpeitiarrak (55:07) hirugarren. Barikuan Nahaste Borrasten parte hartu ostean, seigarren postua eskuratu zuen Ainhoa Leninezek Beriainen. (ikus sailkapenak -PDF-)

∞Lotura duten albisteak:

2019 09 22 ainhoalendinez elgoibar Uharte Arakil Beriain diario navarra

2019 09 22 iban murua kartelean uharte arakil beriain

Argazkiak: Diario de Navarra.