Iruñea-Gares patinaje lasterketa bukatzea lortu du Asier Arriola mendaroarrak

Barren.eus 2019ko ira. 18a, 16:44

Munduko patinaje lasterketa gogorrenetarikoa da P2P maratoia delakoa. Iruñea eta Gares lotzen ditu 42 kilometroko ibilbide gorabeheratsuan: %8ko desnibelera iristen diren igoerekin, eta %12ko jaitsierekin.

 Domekan jokatu zuten P2P patinaje lasterketaren 11. ekitaldian 500 bat patinatzailek hartu zuten parte, eta horien artean zen Asier Arriola mendaroarra. Aurten, estreinakoz, 21,7 kilometroko proba bat antolatu zuten antolatzaileek maratoiaren bezperan, zapatuan, Zubiri eta Iruña lotuz. Mundu guztitik etorritako patinatzaileek bi etapak egin zituzten. Arriolak proba nagusia bakarrik korritu zuen.
Urte erdia eman du proba horretarako prestatzen eta patinatzen hasi zenetik begiz jota zuela dio. "P2Pa erreferente bat da patinatzaileen artean, daukan gogortasunagatik, eta munduko onenek hartzen dutelako parte", esan du. Arriola duela gutxi hasi zen patinatzen, eta 2017an hartu zuen parte aurrenekoz konpetizio batean, Donostiako Klasikoan lehiatu baitzen. 15 kilometroko proba zen Donostiakoa.
Gure inguruan patinajea ez dela oso ezaguna dio Arriolak, eta gehiago bistaratzea gustatuko litzaioke. "Patinatzen hasi aurretik neuk ere ez nuen ezagutzen Nafarroan halako proba garrantsitzua geneukanik", aitortu du.
Asier Arriolak ordubete eta 45 minutuan osatu zituen 42 kilometroak eta 155. postuan sailkatu zen.

Nolan Beddiaf frantziarra eta Maite Ancin nafarra izan ziren azkarrenak, bigarren urtez jarraian. Behin baino gehiagotan munduko txapeldun izan den Beddiaf frantziarrak ordubete eta sei minutuan osatu zuen proba, errekorretik hiru minutura geldituz, euriaren ondorioz errepide bustian lehiatu behar izan zuten arren. Patxi Peula gasteiztarra sailkatu zen bigarren postuan. Peulak ere irabazi ditu urrezko dominak Munduko eta Europako txapelketetan, patinajeko hainbat modalitatetan. Emakumezkoen artean, Maite Ancin (1:14:43) nafarrak aurrea hartu zien Marine Lefeuvre eta Chloe Geoffroy frantziarrei.
Bitxikeria modura, 96 kilometro orduko abiadura hartzera ailegatu zen patinatzaile bat ibilbideko jaitsieretako batean.
P2P proba maratoi distantziako munduko gogorrenetakoa da, besteak beste, Orendain (602 metro) gainetik igarotzen baita ibilbide gorabeheratsua