Sanloko harribitxiak talde onenen jomugan

Barren.eus 2019ko ira. 12a, 13:32

Sanloko zenbait jokalarik goragoko mailetan diharduten taldeen deia jaso dute uda honetan. Horixe da Julen Urruzola, Nahia Legorburu, Yune Bermejo eta Ibai Perez de Albeniz jokalarien egoera.

 • Julen Urruzola Sanlo eta Bidasoa artean

Sanlo kirol taldea Gipuzkoako erreferenteetako bat da eskubaloian, bai txapelketak antolatzeko erakutsi duen gaitasunagatik eta baita Sanloko taldeek adin eta kategoria desberdinetako txapelketetan eman duten mailagatik ere, besteak beste. Eta, azken aldian, Sanlon hasi eta hezitako hainbat jokalari gazte puntako eskubaloi taldeen arreta erakartzen ari dira.
Julen Urruzola Pagazartundua (Elgoibar, 2002) jokalaria da etorkizun handia izan dezaketen jokalarietako bat. Irungo Bidasoa taldearen deia jaso du 17 urteko lehen lerroko jokalariak. Asobal Ligako egungo txapeldunordearen entrenamendu saioetan parte hartuko du denboraldi honetan, beste zazpi jokalari gazterekin batera, alabaina, lehiatu Sanloko bi taldetan egingo du: Alcorta Forging Group Sanloko senior taldearekin eta jubenil mailan Euskal Liga jokatuko duen Deca taldearekin, hain justu ere. Lagunarteko partidaren bat edo beste ere jokatuko du Bidasoarekin. San Bartolome Eskubaloi txapelketan izan zuen Urruzolak Bidasoaren elastikoa jantzita jokatzeko aukera, Olaizaga kiroldegian, Vestas Alarcos taldearen aurka jokatu zuten partidan.

2019 09 12 sanlo elgoibar julen urruzola arg iñaki aragon

 • Nahia Legorburu, Beti Onak taldera
Nahia Legorburu Goñi 18 urteko jokalari gazteak ere ibilbide berria hasiko du Nafarroan. Sanlo EKT eta Atarrabiako Beti Onak kirol taldeak adostasun batera ailegatu dira Legorburuk hurrengo lau denboraldiak Lagun Onak taldean joka ditzan, lagata. Atarrabiako taldeak Zilarrezko Ohorezko Mailan jokatuko du aurten. Legorburuk Iruñean hasiko ditu Unibertsitate ikasketak eta hori izan da Sanlo laga eta Beti Onaken hasteko arrazoi nagusietako bat.

2019 09 12 sanlo nahia legorburu arg iñaki aragon

 • Ibai Perez de Albeniz, Amenabar Zarautzera
Legorbururenaren antzerako akordioa lotu dute Sanlok eta Zarautzko Amenabar taldeek, Ibai Perez de Albeniz Salegi (Elgoibar, 2000) jokalariarekin. Honek Sanlok utzita jokatuko du Zarautzen, datozen bi denboraldietan. Zarautzko taldeak Zilarrezko Ohorezko Mailan dihardu eta Perez de Albeniz da denboraldi berrirako fitxatu dituzten bost jokalarietako bat. Perez de Albenizek 19 urte ditu eta Sanloko harrobian hezi da.

2019 09 12 sanlo ibai perez de albeniz amenabar zarautz arg iñaki aragon

 • Yune Bermejo, Bera Berara
Azkenik, Sanlo eta Bera Bera taldea adostasun batera heldu dira Yune Bermejo Segovia jokalariak, utzita, Donostiko taldean joka dezan. Oñatiko atezain gazteak Sanloko talde desbedinetan jokatu dit azken hiru denboraldiak. Bermejok Euskal Ligan lehiatzen den Bera Berako senior taldean jokatuko du.

2019 09 12 sanlo elgoibar yune bermejo arg iñaki aragon