Alvaro Gimenez mendaroar gaztea munduko txapeldun trialeko bizikletan

Barren.eus 2019ko ira. 11a, 19:17

Trialeko bizikleten munduko txapelketa irabazi du Alvaro Gimenez mendaroarrak bere adin tartean, 9 eta 10 urtekoen artean. Poloniako Wadowice hirian jokatu zuten Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak antolatutako txapelketa: 2019 UCI Trials World Youth Games.

 Abuztuan jokatu zuten Trialeko bizikleten munduko txapelketan 16 urtez azpiko 158 trialsin gidarik hartu zuten parte, hamasei herrialdetakoak, sei kategoriatan banatuta. Alvaro Gimenez Poussins mailan lehiatu zen (9 eta 10 urte), Espainiako selekzioarekin. Hainbat herrialdetako 31 ume lehiatu ziren eta Mendaroko mutila izan zen guztietan onena. Wadowice hiriko Joan Paulo II.a aita santua plazan prestatu zuten ibilbidea gainditu behar zuten parte hartzaileek. Finalerdietan akats bakar bat ere egin gabe gainditu zuen bakarra izan zen Alvaro Gimenez, eta 600 puntu eskuratuta sailkatu zen finalerako.
Hamabi lagunek jokatu zuten finala, eta Gimenezek beste erakustaldi bat eman zuen finalean ere, akatsik egin gabe osatu baitzituen ibilbideari eman beharreko bi itzuliak (ikus bideoa). Hala, 600 puntu eskuratuta irabazi zuen urrea mendaroarrak. Jiri Shenal txekiarra sailkatu zen bigarren postuan, 590 punturekin eta Adam Szlaga poloniarrak egin zuen hirugarren 540 punturekin. (ikus sailkapena -PDF-)
 • Espainiako txapelduna
Munduko txapelketan parte hartu ahal izateko Espainiako txapelketan lehiatu behar izan zuen lehenik Alvaro Gimenezek. Munduko txapelketara sailkatzeko lehen bosten artean gelditu beharra zegoen eta aise gainditu zuen baldintza hori Alvarok, Espainiako txapelketa irabazi baitzuen Cartagenan (Murtzia, Espainia), joan den ekainaren 23an.

∞Lotura duten albisteak:

2019 09 11 alvaro gimenez mendaro munduko txapeldun wadowice polonia podium

2019 09 11 alvaro gimenez wadowice polonia lehen 3ak

2019 09 11 alvaro gimenez mendaro triasin polonia mundko txapelketa

2019 09 11 alvaro gimenez mendaro triasin polonia mundko txapelketa kopagaz

2019 09 11 alvaro gimenez mendaro triasin polonia mundko txapelketa 2

2019 09 11 alvaro gimenez mendaro triasin polonia mundko txapelketa aitagaz