Pedro Luis Ajuriaguerra argazkilariaren "Feel the Sport" erakusketa, Kultur Etxean

Barren.eus 2019ko ira. 10a, 09:34

Elgoibar Europako Kirol Herri izendatu dutela-eta, kirolari buruzko argazki erakusketa antolatu du Ongarri Argazki Taldeak. Pedro Luís Ajuriaguerra Saiz (Muskiz, 1974) argazkilariaren 22 argazki egongo dira ikusgai Kultur Etxean, irailaren 13tik aurrera. Ajuriagerrak makina bat sari irabazi ditu, tartean Elgoibarko Kirol Argazkien lehiaketa, birritan.

Argazkilari autodidakta da Pedro Luís Ajuriaguerra. 2011n hasi zuen bere ibilbidea argazkilaritzan, ordura arte ezezaguna zuen argazkilaritzarekiko pasioa ezagutu zuenean. Argazkilaritzako diziplina ia guztiak probatu eta gero, batez ere kirol eta arkitektura argazkigintzan nabarmendu da. Eta ez edonola nabarmendu gainera, makina bat sari irabazi baititu, nazioartekoak asko. Goian ikus dezakezuen argazkiarekin, esaterako, Sports Agora Images lehiaketako lehen saria irabazi du aurten, abiadura atalean. Rio de Janeiroko Joko Paralinpikoetan atleta itsu bati ateratako argazkia da. Elgoibarko Kultur Etxean ikusgai jarriko duenetariko bat da argazki hori. Argazkilari bizkaitarrak beste sari bat ere irabazi du aurten, Dubaiko printzeak sustatzen duen HIPA Instagram lehiaketan. 2018an lehen postua lortu zuen Malta Photography Awards lehiaketan eta Siena Photography Awards lehiaketako kirolen atalean.
Elgoibarren ere irabazi ditu sariak Ajuriagerrak, birritan irabazi baitu Udalak antolatzen duen Elgoibarko Kirol Argazkien Lehiaketa, 2016an La Iglesia Skate argazkiarekin irabazi zuen eta Saltando sobre Bilbao argazkiarekin 2015ean.

 • Feel the Sports
Elgoibarrera ekarriko duen argazki bilduman, hainbat kiroletako argazkiak ikusi ahal izango dira: atletismoa, errugbia, futbol amerikarra, futbola, beisbola, triatloia, boxeoa, skate-a, e.a.
Argazkilariak eskerrak eman dizkie Elgoibarko Udalari, Ongarriri eta Espainiako Argazki Konfederazioari erakusketa antolatzearren; eta, bereziki, Jokin Martinezi, erakusketako arduradunari, "nigan jarri duen konfidantzagatik", esan du.

Feel the Sport erakusketa irailaren 13tik 28ra egongo da Kultur Etxean. Astelehenetik zapatura egongo da zabalik, 18:30etik 20:30era.

2019 09 10 pedro luis ajuriagerra argazkilaria sariagaz