Hogei eskubaloi partida jokatu dituzte, joan den asteburuan, Elgoibar Europako Kirolaren Herria 2019 eskubaloi txapelketa barruan. Nesken arteko lehian Iruñeako BM Anaitasuna taldea gailendu da. Nafarrek zazpi puntu lortu dituzte jokatutako lau partidetan. Aiala Zarautz taldeak ere Anaitasunak adina puntu lortu ditu, baina egindako eta jasotako golen aldea hobea izateagatik lortu du garaipena Anaitasunak. Castro Urdiales taldea sailkatu da hirugarren, Errotabarri laugarren eta Sanloko neskentzat izan da bosgarren postua.
Mutilen arteko lehian ere BM Anaitasunak lortu du garaipena, Jokatutako lau partidak irabazteaz gainera +72ko aldeko aldea eskuratu dute sartutako eta egindako goletan. Zumaiako Pulpo taldea sailkatu da bigarren postuan, Sanloko mutilek lortu dute hirugarren postua, Zarautzek laugarrena eta Castro Urdialesek bosgarrena.
• Errespetua eta kiroltasuna
Txapelketa honen inguruan giro paregabea bizi izan dutela nabarmendu dute Sanlo kirol taldeko arduradunek, eta txapelketan parte hartu duten lagun guztiei eskerrak eman dizkiete. Era berean, Sanlok nabarmendu egin du taldeen artean izan den errespetu giroa, kiroltasuna eta jokalari zein zaleek kantxan zein kantxatik kanpo uneoro erakutsi duten "konpromezua". "Talde guztiak eredu izan dira hainbat giza balore positibo bistaratu eta helarazterako orduan. Milesker guztiei", adierazi dute.
Emaitza guztiak eta Iñaki Aragonek ateratako argazkiak sanlo.net web orrian ikus ditzakezue.