Kirolak

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

maite maiora mont blanc ultratrail raidligthtUrteko erronka nagusia zuen Maite Maiora Elizondok Chamonixen (frantzia) amaitu berri duen Mont Blanceko Ultra Traila (UTMB), eta emaitza aparta lortu du ehun miliako proba batean lehiatzen zen estreinako aldia izan arren. Hirugarren postuan sailkatu da, eta gertu izan du bigarrengoa.

170 kilometroko ibilbidea eta 9.600 metroko desnibel positiboa Mendi Zuriaren inguruan. Horiexek dira Mont Blanceko Ultra Traila mendiko lasterketaren zifrarik esanguratsuenak. Horregatik da Mont Blancekoa ultratrailik garrantzitsuena. Proba jokatzen den hamazazpigarren ekitaldia da aurtengoa eta ia 3.000 antxitxikarik hartu zuten irteera barikuan (abuztuak 30) Chamonixen, 17:00etan puntuan. Pau Capell kataluniarra izan da Chamonixera bueltatzen azkarrena, 20 ordu eta 19 minutuko denbora eginda. 2013an bigarren egin zuen Javi Dominguez (23:16:04) hamargarren postuan sailkatu da gaurkoan.

Emakumezkoetan, Courtney Dauwalter (Salomon) estatubatuarra gailendu da, 24 ordu, 34 minutu eta 26 segundoko denborarekin. Kristin Berglund suediarra sailkatu da bigarren postuan (25:34:12). Maiora suediarrarengandik gutxira iritsi da Chamonixeko helmugara. Mendaroarrak indartsu amaitu du proba, atzetik aurrera eginez. 25 ordu, 41 minutu eta 30 segundoko denboran osatu du 170 kilometroko proba, gau eta egun korrika aritu eta gero. (ikus hemen Maite Maiorak UTMB-en egin duen lasterketako hainbat datu: denborak, erritmoa, bideoak...)

Maite Maiora distantzia guztietan nabarmendu da azken urteotan korritu dituen mendi lasterketetan, baina distantzia luzeenetako proben aldeko apostua egin zuen aurten, BARRENi urtarrilean aurreratu zion moduan. Urteko prestakuntza guztia UTMB probara bideratu du, eta sasoi betean ailegatu da bere buruari jarritako helburu nagusira. Lizarpe taldeko saltakariak errespetu handia zion 170 kilometroko distantziari, luzera honetako proba batean lehiatzen zen aurreneko aldia baitzuen. Hala izanik ere, podiumera igotzeko hautagaien artean zegoen. Besteak beste, 2017an bigarren egin baitzuen Mont Blanceko 101 kilometroko ultra trailean, eta ondorioz ezagutzen zuen ibilbidearen zati bat.
UTMBra begira egindako egutegia izan da aurtengoa eta aurreko lasterketa gutxiago egin ditu hilabeteak lasterketa honi begira entrenatzen aritu baita bereziki.
UTMBko podiuma, Zegama-Aizkorriko podiumaren antzeko lorpena izango litzatekeela aitortu zuen Maite Maiorak, duela egun gutxi Berria egunkariak argitaratutako elkarrizketa batean.

2019 08 31 utmb mont blanc podiuma maite maiora

 • "Lasai egon naiz eta gozatu egin dut"

Lasterketa amaitu berritan egindako adierazpenetan, lasterketa oso berezia izan dela esan du Maiorak. Argi nuen nire estreinako ehun miliako lasterketa hemen, Chamonixen, jokatuko nuela. Urteak dira Iosuk eta biok lasterketa hau begiz jota dugula, baina orain artean ez dut nire burua halako lasterketa luze eta gogorra lehiatzeko prestatuta ikusi. Aurten, baina, prestaketa aldatu eta hona etortzea erabaki genuen", azaldu du. Gaurko lasterketari dagokionez, lasai egon dela eta gozatu egin duela dio. "Ez dut txakalaldi garrantzitsurik eduki lasterketa osoan eta lasai egon naiz, gozatzen". Lasterketa zein probarako prestaketen ondorioz, urte hau berezia izan dela "oso" nabarmendu du mendaroarrak. 

*Argazkiak: Raidlight-en Twitter kontutik

2019 08 31 maite maiora mont blanc ultratrail raidligtht 126 km

2019 08 31 maite maiora mont blanc ultratrail juaristigaz raidligtht

 

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza